Hezur muina Erik haurrarentzat

Erik 8 urteko mutikoa da, eta emaile baten hezur muina behar du leuzemiari aurre egiteko. Bert eta Ainhoa haren gurasoek deia zabaldu dute Euskal Herrian, anima gaitezen hezur muinaren emaile egitera, Erik-ek, eta beste askok, aukera gehiago izan dezaten.

Ni ere hezur muinaren transplante bati esker bizi naiz. 2003an egin zidaten transplantea, Fatima arrebaren hezur muina sartuta. Erik-ek ez du horrelako zorterik izan familian, baina izan lezake inguruan, gutako asko emaile egiten bagara.

Inguru hauetan Josep Carreras fundazioak koordinatzen ditu hezur muinaren emaileak nazioarteko sare zabal batean. Gure kasuan, adibidez, hiru euskaldun elkartu ginen Valdecillako Ospitalean, Santanderren, hezur muineko transplantea egitera: horietarik bik familian genituen emaileak; hirugarrenari, ordea, Alemaniatik ekarri zioten hezur muina, berearekin bateragarria.

Santanderrera egin aurretik, Fatima arrebak hainbat injekzio hartu zituen etxean, zelula amen produkzioa bizkortzeko. Eguna iritsi zenean, berriz, laupabost ordu egin zituen ohe batean etzanda Santanderko Ospitalean, beso biak zabalik. Beso batetik tutu batek odola eramaten zuen, eta beste batek odol hori itzuli beste besora. Tartean, makina batek zurrupattzen zizkion odoleko zelula amak, hezur muina osatzeko beharrezkoak. Egun batzuk geroago, hezur muin hori, hiru bat poltsatan, niri sartu zidaten, odol transfusio bat bailitzan.

Harrezkero, Fatimak ez du bat ere arazorik izan emaile izatearren. Badaezpada, bost urtez, odol analisi bat egiten zuen urtean behin, eta emaitzak Valdecillako Ospitalera bidali, han kontrola zezaten bere bilakaera, osasun sistemak zaindu egiten ditu-eta hezur muinaren emaileak.

Ni, berriz, hemen nabil, berriro bizimodu normala egiten, transplantea egin zidatela laster zortzi urte beteko direnean. Erik txikiak ere merezi du horrenbeste. Egin zaitez hezur muinaren emaile eta emaiozu bizia. Berak, eta beste askok, eskertuko dizute.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude