Nire botoa

Bildu legeztatu zutenean, izugarri poztu nintzen, pentsatu bainuen aro berri bat ireki zitekeela Euskal Herriko politikan. Hala ere, maiatzaren 22an Aralar izan zen nire aukera. Eta ez naiz damutzen, nahiz eta ikusi Bildu eta Aralar artean 7 eta 1eko proportzioan egon zirela botoak, hor nonbait.

Orain hamar urte Aralarrek bide politikoen alde egin zuen, garbi, eta banandu egin zen Batasunetik. Artean ni ez nengoen ez batean, ez bestean —gaur ez nagoen legez—, baina niretzat oso garrantzitsua izan zen erabaki hura. Eta, harrezkero, Aralarri eman diot botoa hauteskunde gehienetan. Euskaltzaleak dira, ezkerrekoak, eta jokatzen dute errespetuz eta errealismoz. Gauza guztietan ez nago ados eurekin, baina azken aldi honetan aukera hori aurkitu dut hurbilen nigandik.

Eta Bildu? Bi urtean erakutsi beharko du gai dela koalizio bat lideratzeko, bidelagunak zaintzeko, aurkariak errespetuz tratatzeko, koalizio zabalagoak lantzeko eta malgutasunez jokatzeko. Barruan ere, ikustekoa izango da zelan moldatzen diren guardia zaharra eta aurpegi berriak. Koalizioak eskuzabaltasunez jokatzen badu, sari are handiagoak jasoko ditu, joan den igandekoa baino. Aitzitik, harrokeriaz ibiliz gero, atzera egin lezake.

Susmoa dut ezker abertzalearen balizko batasuna ere faktore horien pean egongo dela. Nire botoa ere bai.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

8 erantzun Nire botoa-ri

  1. egilea: Jagoba

    Nire botoa ere Aralarrera joan da. Gutxi izan gara erabaki hori hartu dugunak. Aldaketa positiboa izaten da, hala ere ez dut uste Bilduk atera dituen botoak aterateko meritu askorik egin duenik, hortaz pena eman dit Aralarren aldeko apostua ain jende gutxik egitea.

    Gaizki portatzen den semearekin konparatzen ditut hauteskundeak. Behin ondo portatu eta gurasoak Play station erregalatuko diote, betik ondo portatu den semeak berriz etxeko zapatillekin konformatu beharko du.

    Orain hasten da benetako lana. Gauzak zintzotasunez egiten badute eta denok elkarbizitza hobetzeko gai izaten badira, gora bildu. Ea egia den.

  2. egilea: maria

    Jagobaren adibidearekin erabat ados!

    Nik ere pentsatu dut, ze esker txarrekoa izan den politika batzuekin! Azken 10 urteak, ez dira errazak izan Aralarko batzuentzat (lagunak galdu, normalean agurtzen zintuenak aurpegira begiratu ez…) Nik argi dut, gaur egungo egoerara iristeko Aralarrek sekulako lana egin duela. Hori ezin zaio ukatu. Baina, futbolean bezala, partidu ederra jokatu eta azken minutuan partidua gal daiteke.  Espero dezagun finala ez galdu izana. Ez dute merezi,  baina hori bai, jendeak nahi dionari ematen dio botoa, eta beti izango da ondo emandako botoa.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Zuen erantzunek seme galduaren parabola ekarri didate gogora, Bibliak kontatzen duen istorioa, non seme alproja etxera itzultzen baita, bertatik eramandako diru guztiak xahututa, eta aitak sekulako oturuntza prestatzen baitio ongi etorria egiteko, beste semea, etxean geratu dena lan eta lan, albora uzten duen bitartean, ahaztuta ia.

    Nik, berriz, ez dut horrela ikusten Bildu eta Aralarren auzia. Beste faktore asko egon daitezke hor azaltzeko bataren nagusitasuna une honetan: borroka armatuak sektore zabal batean utzi duen eragina, presoak, estatu espainiarreko hedabideen jokabidea portadak emanez fenomeno horri, estatuko botere faktikoen biktima izatea hainbat auzitan, etab., etab. Ezker abertzaleak, gainera, antolakuntza izugarria garatu du azken urteotan, lehenago EAJk bakarrik zuena. Etabar, etabar. Besarkada bat.

  4. egilea: peru

    Pozten nau zuen eztabaida lasaiak. Zintzoak.

    Eta zintzo diot nire botoa Bildura joan dela. Beste unibertso bat da, ene idurikotz. Baina kontu horiek beste kontu bat dira.

    Nik esan gura nuena da gauzak ondo ikusten ditudala. Bildu benetan eta baikor dabilela. Eta denok apur bat hurbilduz, mugimendu bakar eta indartsu bat sortu dezakegula.

    Hori da nire eta, nik uste, gure askoren desioa. Edo desioa lortzeko bitartekoa, gura bada.

    Ondo ibili.

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Zorionak, Peru, lortutako emaitzengatik, eta gozatu momentua, merezi duzue-eta. Oraindik ikuskizun dago etorkizunean ezker abertzaleak bere osoan zer egingo ote duen, batuko ote den edo ez. Hori hemendik aurrera egindako urratsek baldintzatuko dute. Zure jarrera argi itxaropentsua izan daiteke bide horretan. Besarkada bat.

  6. egilea: patxi lurra

    Hala da, gozamena da eztabaida lasaiak eduki ahal izatea. Foro gehienetan ez da posiblea eta.

    Neuk gaur egun, eta gauzak ez badira okertzen, ez dot desbardintasun handirik ikusten teorikoki Bildu eta Aralarren artean. ETAtik aldentzea baldin bada kontu nagusia behintzat alde biek apostua egin dabe. Espainiar epaileek eurek Bildu eta ETA aldendu dituzte, eta uritarrok be bai, bistan da, 300.000 baino gehiago (neu barne). Bistan da horietatik hainbat pertsona erakundetik ez dirala urrundu beste batzuk bezainbeste. Denpora gehiago behar.

    Bestela, Bildukoak gai izan dira ezkerreko koalizino handia egiteko, eta hortan datza neure ustez euren bertute nagusietako bat. Aralar horixe bera egiteko gai izan zan Nafarroa mailan, Nafarroa Bai-gaz. Eta Abertzaleen Batasunak beste hainbeste Ipar Euskal Herrian. Baina Sorturen apostua nonbait ez eban sinistu Aralarrek, edo ez zan fidatzen, edo EAJ ez zan fidatzen. Azkenean Nafarroa Bai puskatu zan. Hori ez jatan gustau, ez eben ausart jokatu.

    Etorkizunean ikusiko dogu, baina gai izan beharko ziran batzuk eta besteak batzeko, kontu pertsonalak gaindituta. Lelengo urratsa emonda dago, eta ez zan bape erraza.

  7. egilea: Joxe Aranzabal

    Ea zer gertatzen den, aspaldiko, desio onak baino zerbait gehiago beharko baita hori lortzeko. Besarkada bat.

  8. egilea: araitz

    Patxi hauxe diozunean…

    “Aralar horixe bera egiteko gai izan zan Nafarroa mailan, Nafarroa Bai-gaz.”

    gogorarazi nahi dizut aralar + pnv ez dela ezkerreko koalizioa.

    Askok konfunditzen dute.

    Ea-k ere ezkerretik gutxi dauka, baina badirudi ezkerreruntz doala, pnv ez bezala. 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude