Arrasateko Udala konfesionala da?

Goiena.net-en ikusi nituen, San Joan jaiak zirela-eta, Arrasateko Udaleko zenbait zinegotzi parrokian sartzen, Salvera, San Joanen irudia bizkarrean zeramatela. Eta nik neure buruari: zer egiten dute zinegotzi horiek hor, Arrasateko Udala ez bada konfesionala, nik dakidala behintzat?

Arrasateko Udala aipatu dut, baina Euskal Herriko edozein udal aipa nezake, gehienetan gauza bera gertatzen baita: egun seinalatuetan, agintari zibilek parte hartzen dute Eliza Katolikoaren ekitaldietan, kontuan hartu barik udalak ez direla erakunde konfesionalak.

Badakit nondik gatozen, eta badakit, halaber, askotan zaila egiten dela urte luzeetako ohiturak haustea. Baina uste dut ordua iritsi zaiela udalei, eskolei eta gainerako erakunde publikoei (baita futbol taldeei ere), erakunde zibil moduan lan egiteko, aintzat hartuta bere ordezkatuen artean gero eta jende gehiago dagoela beste sinismenak dituena, edo, beste barik, ez duena ezelango erlijiotan sinisten. Denok ordaintzen ditugu berdin zergak edo kuotak, eta denok ditugu eskubide berberak. Beraz, iruditzen zait erakunde publikoek hobe luketela agertuko ez balira inongo elizaren ekitaldietan, herritar guztion errespetuz.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude