Komunikaldi emankorrak

Bukatu dira Komunikaldiak, eta, ni behintzat, pozik geratu naiz, uste dut-eta oso emankorrak izan direla. Aitor Arregik eta Amaia Txintxurretak sekulako lana egin dute jardunaldia prestatzen, eta baita beraien inguruan eratu zen talde laguntzaileak. Denoi, zorionik beroenak.

Pozik nago hizlariek eman zuten mailarengatik. Ruben Sanchezek oso ondo azaldu zuen egoera, Internetek eta telebistak bizi dutena. Goizeko mahai inguruan ere informazio ona azaldu zen hango eta hemengo kasuen gainean. Eta arratsaldean gauza interesgarriak irten ziren, euskarazko esperientzietatik abiatuta.

Gustura nago Komunikazioko ikasleek (eta Hezkuntzako zenbaitek) aukera izan zutelako informazioa jaso eta ideiak kontrastatzeko gaiaren inguruan, puri-purian gaur egun. Badakit asko etorri zirela unibertsitateak kredituak ematen zizkielako edo lanak agindu genizkielako jardunaldiaren inguruan; hori ere irakaskuntzaren barruan sartzen da, eta zilegi iruditzen zait.

Kontent nago sekula baino jende gehiago etorri zelako kanpotik: profesionalak, irakasleak, ikasleak, jakinminak jotakoak, sarelariak…, denetik izan genuen 35 lagun horien artean. Aurretik ere, Twitter-en nabari zen Komunikaldion gaiak jakinmina piztu zuela bazterretan.

Bozkariotan nago atzo bertan HUHEZI TB estreinatu eta Komunikaldiak zuzenean eskaini genituelako streaming bidez, Interneten. Goizean 23 bat lagunek ikusi zuten, eta arratsaldean 17 inguruk. Txarto ez lehen eguna izateko. Antza denez, soinuarekin izan genituen arazoak. Hala ere, baliatu nahi genituen Komunikaldiak guk geuk telebista bat sortzeko Interneten, eta lortu genuen. Hemendik aurrera, hausnartu egin beharko dugu zelan erabili telebista hori, ahalik eta emankorren izan dadin.

Pozarren nago Twitter-en ere oihartzun dezentekoa lortu genuelako Komunikaldiak zirela-eta. Bertan irakasleok, zenbait ikaslek eta kanpoko lagunek hartu genuen parte.

Ikusi nahi badituzue argazkiak, atzo Yera Sanchez lankideak hartutakoak, Flickr-en dituzue ikusgai.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

3 erantzun Komunikaldi emankorrak-ri

  1. egilea: oier

    Niretzat ere aberasgarriak gertatu ziren eta pozik nago bertaratu izanaz. Komunikazio eredu berriak interesgarriak iruditzen zaizkit, baina uneotan kezkatuago nago eredu berriak ekonomikoki bideragarri egiteko aukerekin. Eta tamalez ez nuen horri buruzko irtenbiderik entzun, baina hori bere horretan dagoeneko oso argigarria da eta gure lanaren norabidea ondo zehaztera eraman behar gaituena: internet bidezko komunikazio behar-beharrezkoa da baina momentuz ez dago modurik hor egiten den inbertsioa zuzenean errentabilizatzeko. Zeharkako bideak funtzionatzen dute bakarrik oraingoz eta beraz, internet bidezko komunikazioa oraingoz inbertsio moduan planteatu behar da. Horren susmoa banuen, eta atzo hori berretsita itzuli nintzen etxera. Eta hori asko da!

    Eskerrikasko hizlari eta antolatzaileei egindako lan eta harrera goxoagatik.

  2. egilea: 27zapata

    HUHEZI TB bidez ikusle gehiago izango ziren audioa ondo entzun izan balitz (horrela ezin zen jarraitu saioa!)… Uste dut huts egin ezineko akatsa egin zela audioarekin, hain justu ere internet eta telebista gaitzat hartu zituen egun batean. Baina tira, hurrengoan beharko…

  3. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko bioi zuen ekarpenengatik. Lagunduko digute hobetzen.

Utzi erantzuna Joxe Aranzabal(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude