Bi arratsalde eder

White Rock: atzean, AEBak
Ostirala egun nagia izan genuen. Asmoa genuen bizikletak alokatu eta Stanley Park-era joateko, baina berandu hasi ginenez eguna —eta autobus txartelak erosi behar genituenez gaur Whistler-era joateko, Neguko Olinpiar Jokoetako egoitzara—, erabaki genuen egin beharrekoak lasai egin, eta bizikleta kontua atzeratzea beste baterako. Eskerrak eguna fresko samar agertu zela, ordura arteko beroak atzean utzita.

Arratsalde horretan aukera izan genuen British Columbia probintziako Auzitegi Gorena bisitateko, Janet Prowse bertan da-eta epaile. Berak erakutsi zigun bere bulegoa, auzitegi areto bat eta beste hainbat leku. Bidenabar, azaldu zigun bertako legearen zenbait ezaugarri. Gustura izan ginen hirurok berari entzuten.

Handik, berriz, White Rock herri txikira joan ginen, Clif eta Janet Prowse senar-emazteek eramanda. Paraje zoragarria da hangoa, itsas bazterrean, eta bistan ditu AEBak. Terraza batean afaldu genuen, ilunabar zoragarria ikusten genuen bitartean.

Vancouverko euskaldunekin
Vancouverko euskaldunekin
Larunbatean hitzordua egin genuen Pedro eta Maribel Onaindia eta beste euskaldun batzuekin, Vancouver inguruan bizi direnak. Ez dira asko, eta larunbatero Hume parkean elkartzen dira, New Westminster herrian, Vancouver hegoaldean.

Vancouverren bertan ezagutu genituen euskaldunak, orain 27 bat urte, eta poz handia hartu genuen beraiekin berriro elkartzean. Lasai jarri eta kontu kontari ibili ginen, paella jaten hasi ginen arte. Gero euretariko batzuek musean egin zuten gogor, prestatzen ari baitira Munduko Txapelketan parte hartzeko, Balmasedan. Mirenek ere egin zuen briskan, Piarekin batera, Tomas eta Maribelen kontra. Arratsalde ederra igarota, gustura itzuli ginen etxera.

Bigarren asterako beste argazki sorta bat sortu dut Flickr-en, ikusi nahi duenarentzat.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude