Orduan ere, ilargiari begira

Ondo gogoan dut, bai, non nengoen Neil Armstrong eta Buzz Aldrin astronauta estatubatuarrek ilargia zapaldu zutenean, 1969ko uztailaren 20an. Artean 16 urte nituen, eta, aurreko bi urteetan bezala, uda hartan ere lanean aritu nintzen Amat kooperatiban, Mondragoen, fabrika berria montatzen, Markuleten.

TVEk zuzenean eman behar zuen une gogoangarri hura, baina goizeko ordu txikietan, 04:00etan hor nonbait. Biharamonean lanera joan beharra nuen, baina aitari eskatu nion esnarazteko, ikusi nahi nuela gizakiak zelan iristen ziren ilargira. Baita esnatu ere. Gogoan dut Jesus Hermidaren ahotsa. Baita ez zela bat ere ondo ikusten ere, zuri-beltzean. Baina emozio handiz bizi izan nituen une haiek, gertutik jarraitu bainituen NASA agentziaren gorabeherak.

Hurrengo egunean baina, berandu esnatu nintzen, eta berandu iritsi lanera. Lehenengo aldia zen hiru udatan berandu ailegatzen nintzela fabrikara, baina ez nuen erru handirik sentitu —lotsa apur bat bai, ordea—, pentsatu bainuen egindakoak justifikatzen zuela berandutzea. Ibabek ez zidan ezer aurpegiratu, uda hartan bera baitzen gure arduraduna.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude