Adam Shandro gogoan

Zortzi urte zituela ezagutu nuen Adam Shandro, 1981eko neguan, hilabete batzuetan bere etxean bizi izan nintzenean, Boisen, AEBetan. Atzo jakin nuen ekainaren lehen egunetan hil zela, 36 urte zituela, bere kirol hegazkinak Atlanta mendiaren kontra jo zuenean, Idahon bertan.

Adam iritsiko zen goi mailako kirolaria izatera, AEBetako olinpiar taldekoa izan baitzen kayak espezialitatean. Kayak utzita, hegazkinlari trebe bihurtu zen, nahiz eta segitu zuen kirola egiten, hainbat espezialitatetan. Alarguna utzi du, Lori, eta bi alaba: Adelyn eta Ellen, ezagutzen ez ditugunak.

Biziki eskertzen diot Mertxe Urrutiari gutuna bidali izana, The Idaho Statement egunkariko zatikiekin, Adamen heriotzaren berri ematen. Ezbeharraren berri izan bezain laster, gogoratu egin zen ni Shandrotarrekin bizi izan nintzela, eta erabaki zuen gutuna di-da batean bidaltzea, Mertxe lege zaharrekoa baita, eta ez baita konpontzen Internetekin.

Asko zor diegu Shandrotarrei, etxekotzat hartu baininduten ingelesik apenas nekienean, eta jarrerarik abegikorrena izan baitzuten gurekin. Cathy, Tim eta Jamie-ri, eta baita beren familiei, gure doluminik sentikorrenak.

Ohar hau idatzi dugu gonbidatuen liburu digitalean, familiak The Idaho Statement egunkarian jarri duena:

  • The Shandro family treated us as members of their family in the early 80s, when Adam was eight years old, and we barely spoke any English. Today is a day of sorrow for us too, here in the Basque Country. We remember Adam, and we keep you in our hearts Cathy, Tim, Jamie and your families. On June 21st, we will toast to Adam with txakoli, a Basque white wine, just looking to the Udalatx and Anboto mountains. Joxe, Bego and Miren (Elorrio, Basque Country)
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude