Donostiatik bueltan, unatuta

Elkarrizketak: Joxe Aranzabal
Asteazkenean oso nekatuta iritsi nintzen Donostiatik. Bertan, jardunaldi batzuetan parte hartu genuen (Etika, humanismoa eta zientziari buruzko elkarrizketak), azken saioa baitzen gurea: “Oinazea kontatu, oinazez kontatu”, hausnarketa bat oinazearen eta gaixotasunaren gainean. Anjel Lertxundi hasi zen, eta nik amaitu nuen.

Anjel Lertxundi idazlearen hitzak plazer handia izan ziren niretzat, beste behin ere, maisuen pare adierazi baitzigun literaturak zelan erakutsi duen oinazea XX. mendean. Ondorengo elkarrizketan ere, oharpen sakonak egin zituen, halakoxea da bera, erreferentzia garbia gutariko askorentzat.

Niri dagokidanez, errepaso arina egin nion neure esperientziari, hogeitaka diapositibaren laguntzarekin. Trankil hasi nintzen, ustez, baina ama zenaren eta alabaren kontuak aipatzerakoan, eten egin zitzaidan jarioa, emozioak indartsu azaleratu zitzaizkidan-eta. Zazpi urte igaro dira bizipen haiek izan nituenetik, baina oraindik ere hortxe daude, azalpean.

Ondoren, galdera nahiko jaso genituen, ganorazkoak denak: heriotzaren presentzia, transzendentzia, mediku eta gaixoen arteko komunikazioa… Jaime Otamendik abilezia handiz eraman zuen tartea, galderak guri ez ezik, publikoari ere egin baitzizkion.

Bukaeran, aukera izan nuen hainbat jenderekin hitz egiteko: Aranzabal bat gure senitartekoa ez dena, mediku bat Mondragoekoa, lagun batzuen lehengusua, beste lagun baten emaztea, Luistxo Fernandez eta Mikel Iturria adiskide blogariak…, eta denek izan zuten zerbait esanguratsua adierazteko.

Pozik irten nintzen handik, baina etxera iristerakoan, indar barik nengoen, unatuta. Antza denez, Donostian bizi izandako emozioek indar barik utzi ninduten. Atzo goizean ere, horrela jaiki nintzen, hustuta, eta eguna aprobetxatu nuen motel-motel ibiltzeko, indarrak berreskuratzen. Nahi baduzue ekitaldiko zenbait argaki ikusi, Flickr-era igo ditut. Ados-Network enpresako jendeak ateratakoak dira.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Donostiatik bueltan, unatuta bidalketan

  1. egilea: Janire Rodríguez

    Animo, Joxe!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude