Teknologiaren erabilera baldarrak aztergai

Joan den astean kasu bat ipini nien nire ikasleei Web 2.0 ikasgaian, aztertzeko teknologiaren zenbait erabilera etikaren ikuspegitik.

Estasi bat
“Ginak 20 urte ditu, eta mutil laguna dauka, Gianni. Ingeniaritza ikasten ari da Gianni, ikasle ona da, eta azken aldi honetan hirira joanda dago, Milanera, Diseinu Industriala ikastera. Hori dela-eta, denboraldi luzeak egiten dituzte elkar ikusi barik. Halako batean, Gianni apur bat pizteko, eta berataz ahantz ez dadin, Ginak erabaki du opari berezia egingo diola, bat-bateko horietakoa. Film labur bat bidaliko dio, bideoz grabatuta, eta film horretan Gina bera izango da protagonista.

Esan eta egin. Bere logelako atea itxi, arropa erantzi, eskuko telefonoa hartu, eta grabatzeari ekin dio, masturbatzen den bitartean. Lehenengo, jarrera bat. Gero, beste bat. Barietate apur bat eskaini nahi dio Gianniri. Horrela, hainbat grabazio egin ditu, eta denak gordeta utzi ditu telefonoan. Egun horretan bertan, Ginak afaria du, eta lagunekin doa tabernazulo batera, halaxe geratu baitziren koadrillako lagunak egun batzuk lehenago. Behin afalduta, tragoak hartzen hasi dira tabernaz taberna, eta etxeratu denean, konturatu da telefonoa galdu duela.

Ettorek aurkitu du telefonoa, ardandegiko mahai batean. Ettorek ere 20 urte ditu, eta izugarri gustatzen zaizkio telefonoak. Eskuetan hartu, eta saltseatzen hasi da. ‘Ostia! Neska bat masturbatzen…!’. Koadrillako guztiak gainera amildu zaizkio, bideoa ikustera. Uju eta aja hasi dira, neskaren mugimendu bakoitzari oihu lizunak erantsita. Taldeko bik, gainera, ezagutu egin dute neska: “bai, San Briattore kalean bizi da, eta asteburuetan lan egiten du Piccola dantzalekuan!”. Neska itzuli aurretik, alde egin dute tabernatik, telefonoan dagoen altxorra ikusi nahi dutelako, osorik. Gaua iraungi orduko, bideo guztiak ikusi dituzte, ez dira oso luzeak, eta partekatzen hasi dira, telefonoen blutootha erabilita. Behin hori eginda, Ettorek erabaki du itzuli egingo diola telefonoa Ginari, bere etxeko buzoian utzita.

Pare bat astean, 15 eta 30 urte arteko gazte guztiek ikusi dituzte bideoak. Herrian ez da beste ezertaz hitz egiten. Asteburuetan, jende oldeak hasi dira joaten Piccolara, Ginak lan egiten duen dantzalekura. Denek estasi bat eskatzen diote maltzurki, edari nahasketa bat, aldi berean argi uzteko ikusi dituztela irudiak. Gina lur jota dago, baina erabaki du aurre egingo diola egoerari, ezin baitu lana utzi, behar du dantzalekuko dirua aurrera egiteko. Hala ere, egunetik egunera, gero eta jasangaitzago egiten zaio egoera. Halako batean, erabakitzen du salaketa jarriko duela Carabinierien komisaldegian. Carabinieriak lanean hasi dira, eta berehala antzeman ditu Ettore eta bere lagunak. Hauek, banan-banan doaz komisaldegira, deklarazioa egitera. Gazte horien blutoothari jarraituz, carabinieriek jende gehiago antzeman dute, telefonoetan arrastoak baitaude nork nori bidali dion bideoa.

Hala ere, Ginak ezin du gehiago, eta erabaki du lana uztea. Aldi batez, Milanera joango da, eta hantxe bizi izango da Giannirekin batera. Bere bizimodua erabat aldatu da. Herrian oraindik ikus daitezke haren bideoak, baina ez lehen bezain erraz, carabinieriak hasi direnetik ikerketa egiten, asko jaitsi baita eskaria”.

Erantzunak ikasgelan
Hor amaitu zen kasua. Lehenik bakarka landu genuen testua, gero taldeka eta, azkenik, talde osoan. Ikasle gehienek mutilaren jarrera kritikatu zuten, burugabe jokatu eta min handia egin ziolako neskari, horren bizimodua ia hondatzeraino. Aipatu ere egin zuten horrelako portaerak errazago ulertzen direla mutilak koadrillan dabiltzanean.

Eskola amaituta, pentsatu nuen gai horrek —teknologiaren erabilera baldarrak— denbora eta saio gehiago beharko dituela, ikasleek barnera dezaten zenbait jarrera ez direla bat ere onargarriak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude