Aupa, Carlos!

Egun hauetan Carlos bakargela batean dago, beiraren bestaldean Santanderko badia duela. Joan den ostiralean hezur-muinaren transplantea egin zioten Valdecillako Ospitalean, bigarrena, orain bost urte ere beste horrenbeste egin baitzioten hantxe bertan.

2003ko uztailean hiru euskaldun elkartu ginen Santanderren, Valdecilla Ospitalean, hiruroi hezur-muinaren transplantea egin behar ziguten-eta: Carlos Igorrekoa, Ramon Usurbilgoa eta ni. Harrezkero, gorde dugu harremana, eta urtean behin, gutxienez, hitz egiten dugu elkarrekin.

Egunotan ere egin dugu berba, eta Carlos ondo dago. Transplantea egin eta ondorengo bi egunetan berotasun handia eta larrigura sentitu zituen, baina atzo txorien pare zegoen, alai eta berba egiteko gogoz. Seguru nago laster itzuliko dela Arrigorriagara, orain han bizi baita, defentsa-sistema berriz ere konponduta. Aupa, Carlos!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude