Plone egun oparoa

Joan den ostiralean, azaroak 7, World Plone Day zela-eta, CodeSyntax enpresak mintegi bat antolatu zuen Tagzania enpresa jaio berriaren bulegoetan, Eibarren, eta bertan bildu gintuen hogeita hamar bat lagun, denak Plone erabiltzaileak gure enpresetan.

Konpainia onean
CodeSyntaxek berak egin du dagoeneko egun hartako kronika bere webgunean. Ni oso gustura izan nintzen mintegian, konpainia onean, egia esan: ezkerrean Iban Arantzabal izan nuen, eta eskuinean Oier Araolaza. Aurretik baina, Maite Rementeria agurtu nuen, Faro hau diseinatu zuen diseinatzaile aparta. Guapa zegoen, oso, eta apur bat gizenago, haurdun dago-eta. Otsailean mutikotxo bat ekarriko du. Niri ere sekulako ilusioa egin zidan bera hain pozik ikusteak.

Mintegia
Mintegiak bi zati izan zituen, eta tartean atsedenaldi bat, kafea hartu eta elkarrekin hitz egiteko. Niri bigarren zatia interesatu zitzaidan gehiago, Mikel Lizarraldek eta Gari Araolazak egindako aurkezpenak. Lehenak edukiaz hitz egin zuen, Interneten elkarrizketa sortu beharraz. Bigarrenak, ostera, Google Analytics aplikazioaren posibilitateak aurkeztu zizkigun, jakin dezagun zer neurtu geure webguneetan, ondoren egin beharreko aldaketak ganoraz egiteko.

Bi hitz ikasi nituen mintegian, ordura arte ezezagunak, freemium eta HIPPO, eta dagoeneko sartu ditut Komunikazio-Glosategian. Han nenbilela, Gari Araolazak Grooveshark musika programa erakutsi zidan, eta dagoeneko nik beste lau laguni erakutsi diet, oso erabilerraza baita.

Probetxu handiko goiza izan zen. Orain irakurri egin behar ditut han hartutako apunteak, eta hasi nire jarduera hobetzen.

Plone
Baina zer da Plone? Plone da Edukiak kudeatzeko sistema bat, software libreaz egina eta doakoa, eta oso hedatua nazioartean administrazio, hezkuntza eta enpresen webguneak egiteko. Eraikita dago Zope aplikazio zerbitzariaren gainean, eta Python hizkuntza erabiltzen du. Euskal Herrian CodeSyntax enpresak egiten du lan Plonerekin.

Zer ikusirik dute NASA, Mondragon Unibertsitatea, CIA, Udinese Futbol Taldea, Yale-ko Unibertsitatea, Goiena.net, Brasilgo Gobernua, Dantzan.com, Oxfam, Utah-ko Unibertsitatea eta Zingi Zango erakundeek? Denek darabilte Plone euren webguneak kudeatzeko. Atera kontuak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude