Onkotxipa

Atzo Galdakaoko ospitalean izan nintzen, kontrol eguna nuen-eta. Pozik itzuli nintzen etxera, azterketen emaitzak onak izan baitziren. Berba bat ere ekarri nuen handik: onkotxipa. Jesus Ojanguren medikuak aipatu zidan giza genoma osatu zenetik, minbiziaren inguruko ikerkuntza izugarri aurreratu dela, batez ere onkotxipei esker.

Onkotxipak txip bereziak dira, biotxip edo ADN txipen aldagai bat, bereziki diseinatuak minbizia aztertzeko. Gero jakin dut biotxipak direla beirazko edo beste material bateko xafla txikiak, zentimetro gutxikoak, eta itsatsita daramatela milaka giza gen, ilaratan eta zutabetan eratuak. Erabiltzen dira lagin bateko gen kopuru handiak aztertzeko (odolekoak, ehunekoak edo tumor batekoak) denak batera, eta oinarritzen dira geneen propietate batean, zeinaren bidez beste gen batzuetara itsasten baitira, berdin-berdinak direnean.

Jesusek esan zidanez, bost urte barru gaur egungo ikerkuntzek emaitza ikusgarriak eragingo dituzte, eta horiek erabat aldatuko dute diagnostikoak egiteko modua eta tratamendua bera ere, kasu askotan. Hala bada, hala biz, eta ez bada, ora pro nobis.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude