Gorriuneak

Atzo Galdakaon izan nintzen, ospitalean. Aurrez ez nuen hitzordurik, baina nola azken astean-edo gorriuneak azaldu zaizkidan gorputzean, hara joan nintzen, medikuak eskatuta, ikusteko zerk eraginda izan zitezkeen gorriuneok. Lasai itzuli nintzen, denak kontrolpean dirudi-eta.

Dagoeneko bi urte izango dira prednisona hartzen ari naizela, kortikoide bat laguntzen didana erretxazo arazoak konpontzen, transplante baten ondoren, beti agertzen baita erretxazoa, modu batean edo bestean. Niri ahoan agertzen zait jeneralean, eta baita azalean ere.

Hainbat ahalegin egin ditut prednisona kopurua jaisteko, baina, beste horrenbestetan, atzera egin behar izan dut, erretxazo zantzuak agertu zaizkidalako, mingarriak gehienetan. Azken aldian, baina, egutegi bat egin genuen, oso luzea, prednisona poliki-poliki jaisteko. Eta azken hilabetean, adibidez, hil osoa igaro dut egunero batezbeste 5 mg prednisona hartzen. Berez, tartekatu egiten dut: egun batean 10 mg, eta hurrengoan ezer ere ez. Batezbeste, 5 mg

Kontua da hasi naizenetik egun birik batean ezer ez hartzen, agertu zaizkidala gorriuneak eta zenbait urradura gorputzean.

Jesus Ojangurenek esan dit nire guruinen iturriak, Prednisonaren pareko hormona naturala sortzen dutenak, seguruenik oraindik ez direla hasi lanean normal. Logikoa, bestalde, kortikoidea denbora luzez hartu dutenen artean, nire kasuan bezala. Eta horrek eraginda, agertu zaizkidala berriro erratxazo arrastoak, nahiz eta oraindik ere modu apalean agertu. “Neurri batean seinale ona da, horrek adierazten baitu transplanteak eragin ona izan duela zugan, oso ona”, esan dit.

Zergatik ote?

“Kontuan hartuta odolean aldagai guztiak ondo dituzula —oso nekatuta ibili bazina, datuetan agertuko zatekeen—, itxaron egingo dugu aste pare bat gehiago, ikusteko ea iturri horiek gehiago ireki eta oraingo arrasto gorri horiek desagertzen hasten diren”. Horretan geratu gara, beraz.

Okerrago sentituz gero, lehenago joango naiz, baina bestela, bi aste barru itzuliko naiz Galdakaora.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Erantzun bat Gorriuneak bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude