Larrazabal, K.O.

Retegik %80, Larrazabalek %20. Emaitzak ez du zerikusirik pilotarekin. Biak ziren hautagai lehendakari izateko Eusko Ikaskuntzan. Aspaldiko partez, gainera, hautagai ofizialak lehiakide bat zuen, eta horrek jakinmin handia piztu bazterretan. Baina oposizioko hautagaiak huts egin du.

Nik bat egiten dut Larrazabalen taldeak Eusko Ikaskuntzarentzat hautatutako leloarekin: “gaztetu, sendotu eta zabaldu”, eta euskarari eman nahi dion indarrarekin. Hala ere, joan den ostegunean Larrazabali entzun nionean Euskadi Irratian, iruditu zitzaidan entzuten ari nintzela ume bati, pertsona heldu baten ahotsean. Orduan ez nuen ezer idatzi horretaz, ni mondragoetarra izanik, inork pentsa ez zezan Retegiren alde egiten ari nintzela.

Ez dut zalantzarik: Jesus Mari Larrazabal pertsona argia da, eta zintzoa. Baina oraingoan ez du asmatu bere taldearen mezua plazaratzen. Hari entzunda bazirudien, aprobetxaturik orain badagoela dirua Eusko Ikaskuntzan, talde berria etorriko zela, eta, Olentzerok bezala, mundu guztiari kontratu iraunkorrak egingo zizkiela, eta, aurrerantzean ez zela mugarik egongo ikertzaileei dirua banatzeko. Eta euskara ez dakiten elkarteko kideek zintzo bete beharko zituztela hizkuntza eskakizunak, Eusko Ikaskuntzan segitu nahi bazuten behintzat.

Mezu horrekin —pentsatu nuen—, gauzak oso gaizki egon behar dira Eusko Ikaskuntzan Larrazabalek irabazteko. Eta ez daude: erakundeak inoiz baino diru gehiago bide du, eta sekula baino harreman sare sendoagoa. Hala ere, garbi geratu da kide multzo bat badagoela, alienatuta sentzitzen dena, gaur egungo zuzendaritzatik urrun, eta Bizkaian oposizio horrek irabazi duela lehendakariorde bat. Retegik lege onez irabazi du, eta ondo egingo luke bere bigarren agintealdian sektore horren eskariak kontuan hartzen.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude