Bizkaia maite

Atzo arratsaldean txango ederra egin genuen. Paula eta Kontxa beribilean hartu, egun hauetan gure ama eta Mikelena EsteƱibarren baitaude astea pasatzen, eta Bizkaiko zenbait leku polit bisitatu genituen.
Ziortza

Lehenik eta behin Ziortzara joan ginen, eta han monasterioa bisitatu. Ondoko argazkia hantxe atera genuen, monasterioaren klaustroan. Ezkerretik eskuinera, hor dituzue Miren, Fatima, Kontxa, Paula, Bego eta Mikel. Han ginela, hainbat erromes iritsi ziren, ostatu bila, Ziortza Done Jakue bidean baitago, kostaldeko bidean.

Ziortza utzi eta Ansotegi hotelera joan ginen, gure amek ikus zezaten antzinako burdinola, gaur egun hotel bihurtua. Ez genuen hutsik egin, izugarri gustatu zitzaien-eta nola berriztu duten behialako burdinola. Freskagarri bat hartu, eta osteratxo bat egin genuen hango bidegorrian zehar, eguraldi ona lagun.

Gero Ziortzabeitian izan ginen, eta kafe gozo bat hartu genuen orain hilabete baino gutxiago Miren egondako udalekuen egoitzan. Hara ere erromes talde bat iritsi zen, aprobetxaturik 60 litera dituztela aterpetxean. Andre batek esan zigunez, urtetik urtera gero eta erromes gehiago iristen dira, batez ere Interneten ezarri zutenetik kostaldeko bidearen berri. Guretzat ezustekoa izan zen, ez genuen uste-eta hainbeste jende ibiliko zenik bide horretatik. Antza denez, Debatik etortzen joaten dira Ziortzara, eta hurrengo etapa Ziortza-Gernika izaten dute.

Aprobetxaturik gerttu geundela, Barinagarako bidea hartu, eta, lehendabizi, Iturbe baserria bisitatu genuen, Jose Maria Arizmendiarrietaren jaiotetxea. Kanpotik ikusi besterik ez genuen egin. Gero bai, Barinagara joan, eta hura bisitatu genuen, Bego emazteak gidaturik, txikitan bera eta bere familia udaro joaten baitziren hara uda pasatzera, urte haietan osaba Benito baitzuten abade Barinagan. Han Mari Errota agurtu genuen, Jose Maria Arizmendiarrietaren arreba, eta baita Gregori, Txasio pilotarien ama, zeinek oparitu baitzigun sorta bat albaka usaintsua.

Ansotegi

Bidaia bukatu aurretik, eta etxera bidean berriz, Trabakuan sartu ginen, eta han Josu Mendizabalek afari gozoa prestatu zigun: Gernikako piperrak, onddoak, kroketak, hegaluze paparrak, pellak, eta beste jaki gozo jan genituen.

Barinaga

Trabakua

Gaueko 23:30ean iritsi ginen etxera, pozik, aseturik, eta umore onean. Bizkaiak merezi du.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude