RTF

Aspalditik erabiltzen dut RTF formatua —Rich Text Format— testuak gordetzeko eta bidaltzeko, batez ere etxeko ordenagailuan. Mac OS X sistemara aldatu nintzenetik, Text Edit nire idazteko programak formatu horretan gordetzen ditu dokumentu guztiak, RTF du-eta lehenetsia. Dokumentu horiek beste inori bidaliz gero, jasotzaileak ez du bat ere oztoporik berau irekitzeko edozein programarekin. Fakultatean, aldiz, Windows sistemaren agindupean egiten dugu lan. Eta hor elkarri bidaltzen dizkiogun dokumentu guztiak dira edo .doc (gehienak) edo pdf. Baina azken aldi honetan gure arteko gutxi batzuk hasi dira lan egiten software librearekin euren ordenagailu eramangarrietan. Horregatik, orain astebete-edo erabaki nuen nire dokumentu guztiak gordeko ditudala RTF formatuan, eta formatu horretan bidaliko ditudala.

Onartzen dut erraza dela Microsoft erraldoiaren itzalean ibiltzea, monopolioa denez gero, Office adibidez, de facto formatu unibertsala bihurtu delako. Baina jendeak begirunea merezi du, Word erabili nahiz ez. Eta horretarako RTF oso egokia da.

Harrigarria bada ere, Microsoftek berak sortu zuen RTF formatua 1987an, plataforma desberdinetan erabil zedin.

Rich Text Format

Text Edit erabiltzen dudanean, artikulu hau idazteko adibidez, konturatu ere ez naiz egiten RTFrekin, dokumentua gordetzen dudanean, berez gordetzen baitu formatu horretan. Word erabiltzen badut, ordea, gordetzerakoan aukeratu egin behar dut .rtf formatua. Horrelakoetan, itxuraz ez da ezer aldatzen, dena geratzen da berdin-berdin.

Beste inoiz hitz egin dugu etiketaz Interneten, edo netiketaz, Jabi Zabalak erabili izan duen moduan. Uste dut kontu hau ere etiketaren barruan sartzen dela, gizalege kontua ere badelako. Gustu baduzue, zuek ere gonbidatuta zaudete RTF formatua erabiltzera, adibidez, testuren bat atxikitzen duzuenean zuen blogaren artikuluetan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

7 erantzun RTF-ri

  1. egilea: newton

    Nik beti erabiltzen nuen .doc .pdf edo ta .swx batzuetan baita .txt; badirudi soluzioa zuk aipaturiko RTFa erabiltzea dela.
    Hemendik aurrera RTFa erabiltzen saiatuko nahiz, Open Officea oraindik ez baitago nahi “ainia” zabalduta, hala ere ziur nago azken honek formatu horretan gordetzeko aukera emango duela ;D

  2. egilea: Gari Araolaza

    Zorionak Joxe, oso aukera ona!

    Hala ere kontutan izan dokumentu horretan irudiak sartzen badituzu (agian ez da zure kasua) RTFak ez dituela konprimitzen eta dokumentuak pisu handia izango duela. Kasu horietan beste formatu bat erabili behar izaten da.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Gari, ez nekien-eta RTFk ez zituela irudiak konprimitzen. Dena dela, kasurik gehienetan ez dut argazkirik erabiltzen testu arruntez egindako dokumentuetan. Besarkada bat.

  4. egilea: Asier Sarasua Garmendia

    Oso aukera egokia da RTFa erabiltzea. Formatuetaz ari zaretela, badirudi beste aukera bat hedatuko dela aurki. OASIS formatuaz ari naiz, OpenOffice-ren 2.0 bertsioak erabiliko duena (izatez, dagoeneko erabiltzen du), bai eta beste bulegoko suite batzuek ere (StarOffice, etab.). Estandar bat bihurtzeko jaio dela diote… ikusiko dugu. XMLren espezifikazio bat da, irekia. Ooo-ko fitxategi berriek .odt (testu prozesadorea), .odb (datu basea), .obc (kalkulu orria) eta .odp (aurkezpenak) luzapenak dituzte. Izatez, fitxategi horietako bakoitza hiruzpalau fitxategiren bilduma dira, bitxia da, nahi izanez gero WinZip edo antzeko programa batekin deskonprimitu daitezke eta ikusi barruan zer duten.

    Portzierto, OpenOffice-ren 2.0 bertsioaren behinbetiko bertsioa irtetzekotan dago. Nik beta erabiltzen dut duela hilabetetik, eta oso ondo doa. Nahi duenak, begira dezala http://www.openoffice.org.

  5. egilea: Ricardo Gómez

    Nik ere arestian dokumentuak RTF formatuan gordetzen hasi naiz. Hala ere, aitortu behar dut MSWord erabiltzen dudala, eta bereziki arrazoi bategatik: testu bati iruzkinak sartzeko duen aukeragatik, OpenOffice-en aurkitu ez dudana (agian badu, baina ez dakit non; inork al daki?).

    Aukera hori oso baliagarria gertatzen zait testuak, adibidez ikasleen lanak, zuzentzeko.

  6. egilea: Asier Sarasua

    Iruzkinen kontu hori…

    Ooo 2.0-n egin dut, “Insertar -> “Nota” aginduarekin, eta ODT formatu berrian zein SXW formatu zaharrean bietan gorde ahal izan dut. Ez dakidana da Ooo 1.x-ekin egin daitekeen, ez dut inoiz egin eta ez daukat bertsio hori instalatuta. RTF formatuak ez ditu iruzkin hauek gordetzen…

  7. egilea: Luistxo

    Nik nire testuak testu editore huts batekin idazten ditut, beti txt formatuan. Zeozer maketatuagoa egin behar denean, Word bidez moldatu apur bat (gutxi), eta inori bidali behar bazaio formatu maketatuan, PDF bihurtu. Baina testua bada, eta ez maketa bidali edo gorde nahi dudana, testu soila e-posta mezuan edo txt gisa gordeta, eta listo.

    Testu editorerako NoteTab erabili izan dut azken sasoi honetan PCan. Badakit Mac-ean testu soileko editore aukera ona dagoela, eta mundu horrekin kontaktua galdua dudan arren, TextEdit hori horrelakoa delakoan nago. Gaur Sustatun SciTE editorearen berri izan dut, euskaratua gainera, eta instalatu dut. Uste dut horretara pasatuko naizela.

    MS Word erabiltzea testuak idazteko, gero eta nekagarriagoa iruditzen zait holakoen ondoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude