Mikrouhin labe zaharra

Joan den astean mikrouhin labeak planto egin zuen, eta hor gelditu zen, bihotzekoak jota bezala, kolorezko argi guztiak piztuta. Nola 18 urte egin dituen gurekin, eraman ere ez genuen egin konpontzera, seguru asko hura konpontzea garestiagoa izango zelako berria erostea baino. Penaz eta dolorez, atera egin genuen bere betiko habiatik, eta berria erosi, hori ere digitala.

Inves markakoa zen, handi samarra, eta hemen jeneralean erabiltzen diren gehienak baino sofistikatuagoa, aukera ematen zigun-eta dezente zehazteko bai denborak eta baita eragiketak ere. Kanadatik bueltan, horrelako bat nahi genuen, han ohituta baigeunden mikrouhin labeak erabiltzen. Eta lortu ere merkeago lortu genuen, urraturen bat-edo zuelako. Lanean, baina, txapeldunen pare ibili da urte mordo hauetan. Horregatik pena.

Orain, ostera, “Jon Larrañaga”:http://frommilwaukee.blogspot.com/2005/04/1.html lobaren mezu bat jaso dut Milwaukee-tik, eta haren hitzek harritu egin naute, antza denez, gure mikrouhin zaharrak esangura berezia izan du-eta harentzat. Honela dio:
Ezin dot sinistu!!!! Baina ez dakizue nola markatu nauen mikrohuin horrek!!!! Nik uste ikusi nuen lehenengo mikrohuina dela, eta gogoratzen naz beti-beti izan dozuela berdina. Nahasketa perfektua zeukan tradizio eta star-trek moduko modernidadearen artean. Mikrohuin hori desdeluego guztiz trek-ia zan.

Bihoaz, bada, hitz hauek zuretzat, Jon, hain bizi gorde duzulako labe zaharraren oroimena. Bota aurretik bidaliko dizut haren argazki bat.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Mikrouhin labe zaharra bidalketan

  1. egilea: Jon Larrañaga

    Eskerrik asko mikrohuinari merezi duen ohorezko lekua ematearren blog-ean. Esan beharra daukat digitalizazioarena guztiz egia dela eta gaur egun hemen inguruan ditugunak baino modernoagoa zirudiela duela 18 urteko mikrohuin kanadiarrak.

    Bidali argazkia lehen bait lehen!! 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude