Ansolatarrak

Atzo, San Jose eguna, Lekeition elkartu ginen, urtero bezala, familiaren Ansola adarrarekin, Begoren ama Ansola baitzen, eta Lekeitiokoa. Sasoi batean Sebastiana Erkiaga izaten zen bilkuraren arrazoi, Begoren amuma, baina hura 102 urte bete aurretik hil zenetik, erabaki genuen jarraitzea, oraingoan Benito Ansola garai batean Lekeitioko bikario, eta herri bereko zine bileren antolatzailearen inguruan.

Ansolatarrek, Aranzabaldarrok ez bezala, sekulako zaletasuna dute kantatzeko, batez ere mahaiaren bueltan elkartzen direnean: batek txistua eta danbolina jo, besteak zuzendu, eta gainerakoek abestu. Hori ederto egiten dute. Ikustekoa izaten da Maritxu nora zoaz abesten hasten direnean, neskak alde batetik eta mutilak bestetik, nolako giroa sortzen den jatetxean: azkenean, beste mahaietako jendeak ere kantuan amaitzen du.

Aitortzen dut ezdeusa sentitzen naizela nire mahaikideen abileziaren aurrean, baina nik ere gustura parte hartzen dut erritualean. Hala ere, ez dakit zenbat iraungo duen ohiturak, familiako gazteenek ez ditut ikusten-eta hain kantuzale.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude