Ivan Noble hil da

Ivan Noble astelehenean hil zen, 37 urte zituela. Alarguna eta bi seme-alaba utzi ditu. Ivan Noble kazetaria zen BBCn, eta hango albiste zerbitzuetan idazten zuen zientziaz eta teknologiaz. 2002an tumor bat aurkitu zioten buruan, eta harrezkero bere blogean idatzi zituen bere gaixotasunaren gorabeherak. Irakurle asko izan ditu Ivanek urte horietan, mundu guztikoak, eta irakurle horiek mezu hunkigarri asko bidali diote. Joan den igandean, berriz, azken mezua utzi zigun, akituta, itxura batean.

Aurretik ez nuen Ivanen berririk, eta horregatik, hainbat artikulu irakurri ditut harenak, patxadaz. Eta harritu egin naiz, zelango kointzidentziak ditugun sentipenak adierazteko orduan. Ivanek oso ondo idazten zuen, eta zehatza zen, oso, egoerak deskribatzerakoan. Igartzen da zientziaz idazten zuela.

Hasi ere, ia batera hasi ginen: Ivanen lehen artikulua izan zen 2002ko irailaren 12koa; nire lehena, ostera, urte hartako irailaren 15ekoa. Hiru eguneko aldea, beraz.

Gaur bertan, artean ez nekiela hilik zegoela —Ivan astelehenean hil baitzen BBCren arabera—, erantzun bat bidali nion, ingelesez. Hauxe da:

On September 11th, 2002, I was found to have a Pholicular Linphoma, a kind of cancer that appears in the blood. A couple of days later, I started writing what was to become a series of articles in Sustatu.com, a collective blog with information in Basque language, where I narrated in 17 chapters all the circumstances surrounding my illness. It took a couple of years to get back to work, at Mondragon University. The 22nd of this month I will publish a book (The Doctor Told Me I Had Cancer), a compilation of all the articles written for Sustatu. When we present the book, I will have you in mind. Be strong.

Sentitzen dut lehenago ez jakin izana zure berri, Ivan. Baina eskerrak eman nahi dizkizut utzi diguzun lekukotasun ederrarengatik. Eskerrak, orobat, Juleni, Luistxori eta Begoñari, haren berri eman zenidatelako.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

5 erantzun Ivan Noble hil da-ri

  1. egilea: Anonymous

    Baina nondik ataraten dozue gaitasun hori? Zelan idazten dozuez berbok? Bihotza guk bezala daukazue, leku berean, taupadaka? Ivan Noblerena irakurrita, Faroaren argia ikusita… ez deus sentitzen naiz. Erraza zait musikaz berba egitea, erraza software libreaz aritzea. Ederra literaturaren gainean idaztea… Oraindik ezdeus ikusten dut nire burua. Ezin sinetsita naukazue? Begietako zirrarak, bihotz ondoa estutu dosta, eta hemen nabil…. berbok jaurtitzen. Begirunea, besterik ez. Ezinean. patxi gaztelumendi http://gaztelumendi.org

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Bai, Patxi, badugu bihotzik, eta hor dago, bular aldean, denona bezala. Gaixotasunak horrelako hatzarpakada bat jotzen dizunean, berriz, batzuek idazteko gogo larria sentitu dugu –Ivanek berak oso ondo adierazten zuen hori–, idaztea eta komunikatzea helduleku aparta delako, seguruenik, bizitzen irauteko. Ez estutu, hortaz, eta ez sentitu ezdeus, seguru nago-eta zeuk ere horrelako egoera batean kanpora aterako zenituzkeela zure indar guztiak aurrera egiteko. Besarkada bat.

  3. egilea: Anonymous

    Hori da gogorrena. Hori pentsatzen hasia naizela. Hor(duan) etorri zaizkit estutuak eta ezinegonak. Gaisotasunak beldurtu egiten nau, horregatik ezin nituen zureak irakurri. Horregatik Sustatu-aldi hartan guztian, ez nuen mezu bakarra idatzi. Ezin nuen. Horregatik ez ninduzun ezagutzen. Ez naiz zugana joan. Orain, gero eta hurbilago sentitzen zaitut -barka holan esatea-. Eta tonuan asmatu duzula otutzen zait. Blogak ulertzeko modu bat izan da, eta faroa piztutakoan, niri ere argia piztu zitzaidan. Honek hau egiten badu, horrek asko lagunduko dio. Ziur. Eta zer gura duzu esatea? Bakoitzak barruan daroa bere gaisoa. Eta nik ere baditut neureak, eta horrenbeste idazteak, esateak, adierazteak zenbat lagundu nauen, ez dizut hemen kontatuko. Ondiño lotsatzen naiz. Baina ulertu gura zaituet. Ausartak zarete. Eta nik ausartak maite ditut. Halakotzat nuen burua gazteagoa nintzenean. Eta konturatzen naiz ezetz… mendira igotzea baino pausu gogorragoak badirela, latzagoak… eta horrek ematen dit bertigoa. Tira, zuk hain erraz esaten badidazu… sinestu egingo dizut, zinez. Benetan. Hala izango da.

  4. egilea: Nahikari

    Arazoren bat daukazunean askoz errezagoa da idaztea, nolabait ere gauzak kanporatu behar dira, eta lagunei botatzea zama guztia oso zaila da. Nik ere minbizi baten kasua nago bizitzen, gertutik, nahi baino gertuago. Amari bular batean minbizia zuela esan zioten irailean eta apurka-apurka badirudi aurrera doala. Kimioa hartu du, radioa hartzen dago orain eta gogor ari da eusten. Aita ta ni baino kemen handigoa dauka, duda barik. Amaren gaixotasuna baino lehen idazten nuen, baina orain gehiago. Barrua hustu beharra dago, sentitzen duzun guztia lasaitasun minimo bat lortzeko. Horregatik daukat koadernotxo bat eta hor idazten ditut testu laburrak,bertsoak eta gogora etortzen zaidan edozer. Orain blog-ean ari naiz eta bide interesgarria da. Ez da beldurrik eduki behar barruan daramazuna botatzeko!

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Nire kasuan, behintzat, idazteak asko lagundu dit aurrera egiten, seguru asko gauzak errazago irteten zaizkidalako idazten esaten baino. Hitz egiterakoan hunkitu egiten naiz erraz, eta gura barik ere negar malkoak irteten zaizkit, eta jarioa eten. Pantaila aurrean, ostera, aurrera egin dezaket idazten. Idazteak, gainera, aukera ematen du pentsamenduak antolatzeko eta modu ordenatuan azaltzeko. Niretzat hori sekulako bitartekoa da garai nahasietan argia egiteko, argia nire buruarentzat, eta argia ikusi nahi duenarentzat. Zuk segi idazten, Nahikari, on egingo dizu-eta. Eta eman zure amari besarkada handi bat nire partetik. Eta, noiz edo noiz, esaguzu nola dabilen. Maitasunez,

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude