Valdecillatik bueltan

Atzo Santanderren izan ginen, Valdecillako ospitalean. Kontrola genuenez, goizeko 09:00etan irten ginen etxetik, eta arratsaldeko 17:00etan etxeratu, kontsultan 15 minutu eginda. Egun osoa galduta, beste modu batera esateko.

Nire ahoa aztertuta, medikuak erabaki zuen prednisona gehiago hartu behar dudala, kortikoide bat erretxazoa kontrolatzeko, ahoan zauri batzuk ditut-eta. Inoiz baino gehiago jaitsia genuen prednisona kopurua, azken bi asteotan egun batean 10 mg. hartzen bainuen, eta hurrengoan ezer ez, txandatuz. Orain, hortaz, 10 mg. eta 5 mg. tartekatuko dut hilabetez. Eta hortik aurrera, hasi jaisten poliki-poliki, ea erretxazo aztarnarik ez den agertzen.

Horrezaz gain, eskaner bat egin beharko dut Galdakaoko ospitalean, ikusteko linfomaren aztarnarik agertzen den berriro. Eta Valdecillan, berriz, egingo didate kimerismoa, jakiteko arrebak emandako hezur-muinaren zelulak erabat nagusitu diren, azken aldiz agertzen ziren moduan, edo atzera egin duten.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude