‘Egiaren ezintasuna’ Ismael Manterola Ispizuaren artikulua Berrian

Bilboko La Taller galerian ikusgai dago aspalditxotik Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum artistek Iruña-Veleiako grafitoez prestatutako erakusketa. Ismael Manterola Ispizua arte adituak artikulu interesgarria argitaratu du horretaz Berrian. Donostiako San Telmon ere ikusgai egon zen erakusketa 2016an.

Egiaren ezintasuna

 Ismael Ispizua Manterola
2018ko maiatzak 1

Harrigarria iruditu zitzaidan Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek La Taller galerian jarri duten erakusketa. Azken urteetan, artista bikotea lan eskerga egiten ari da Iruña-Veleia aztarnategi arkeologikoan topatutako balizko ostraka erromatarrei buruzko ikerketan. Guztion ahotan egon da inoiz Iruña-Veleian gertatutakoa, oraindik ez dakigula eta ez dugula ondo ulertzen zer gertatu den eta zer gertatzen ari den ditxosozko aurkikuntzekin.

Artistek buztinezko euskarritan irudikatutako zeinu eta irudi guztiak (ahal izan dituzten guztiak, behintzat) paperean grabatu dituzte, erakusketa aretoko hormetan eskegitzeko. Galeriako lau horma paper karratuz beteta azaltzen zaizkigu instalazio eraginkor eta erakargarrian. Horrekin batera, adituekin grabatutako elkarrizketak telebista pantailan ikus eta entzun daitezke, aretoko bazter batean.

Artistek ahalegin handia egin dute gaiari buruz iritzirik ez emateko. Faltsuak ala benetakoak direla defendatzen duten profesionalak elkarrizketatu dituzte, eta inongo azalpenik gabe daude horman jarritako irudiak, jendeak lur azpian azaldutakoa ikusteko aukera izan dezan. Zaila bada ere, lortu dute asepsia antzeko jarrera, era ia zientifikoan aurkeztu baitute eztabaidagai den gertakizuna.

Hain zuzen, egiaren eta gezurraren arteko mugak non dauden eta hori jakitea zein zaila den da erakusketatik atera dezakegun mezua. Eta, horrekin batera, agian garrantzi handiagoa duen beste mezu bat ere azaleratzen du erakusketak: egia ezagutzeko zientziak duen ezintasuna. Gainera, eztabaida zientifikoa izan behar zuena epaitegietan nahastu da, eta horrek ere egiaren bilaketan traba egiten du, nahiz eta kontrakoa gertatu behar litzatekeen. Guztiok pentsatzen dugu justiziak egia izan behar duela oinarri, baina ez da erraza legeen eta epaiketen bidez egia topatzea. Kasu honetan, beste askotan bezala, judizializazioak ez du gehiegi lagundu arazoaren konponbidea bilatzeko orduan. Beraz, gure gizarteak egia ezagutzeko eraiki dituen egiturek (zientziak eta zuzenbideak) ez dute arrakasta handirik izan. Hori izan daiteke Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen lanaren ondorioetako bat, beste interpretazio posibleen artean.

Agian, beste irakurketa baikorrago bat ere egin dezakegu, agerian jartzen digutenean arazora hurbiltzeko modu bakarrenetakoa artea dela. Artearen estrategiak, egiteko erak eta esanahi bakarrari ihes egiteko gaitasunak, gai eztabaidatsuei buruz hitz egiteko eta pentsatzeko moduak izan daitezkeela da La Tallerren egun hauetan zabalik dagoen erakusketatik atera nuen ondorioa.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

2 erantzun ‘Egiaren ezintasuna’ Ismael Manterola Ispizuaren artikulua Berrian-ri

  1. egilea: Pannenkoeken

    Ismael da.

  2. elexpuru egilea: elexpuru

    Milesker. Oraintxe zuzenduko dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude