Euskalduntze berantiarraren fantasia, Bizkaiko Diputazioaren tesia

Gezur bat ehun aldiz esaten bada, egia bihurtzen ei da. Euskalduntze berantiarraren teoria lau haizetara zabaldu du EITBek, Alberto Santanak zuzendutako dokumentala behin eta berriz emanez. Santana, beste gauza batzuen artean, Bizkaiko Diputazioko teknikaria da Etnografia Ondarearen alorrean. Ematen duenez, tesi bihurtzen ari da dokumentalak hipotesi gisa aurkezten duena eta aditu gehienen ustez fantasi hutsa dena.

Gutun hau agertu da ekainaren 24ko Berrian

Iritzia ZUZENDARIARI  2017-06-24Gorka Jauregizuria.

Alkarraiarako bidaia Bizkaiko aldundiarekin

Ekainaren 9ko Bizkaiko Hitza-n argitaratutako artikulu batean, iragartzen zen Bizkaiko Foru Aldundiak ibilbide historiko batzuk antolatzen zituela. Haietako bat Arrigorriagako Abrisketako San Pedrora zen; gainera, euskaraz, dohainik eta bertara joateko autobusa. Ikasteko eta goiz polit bat pasatzeko aukera. Hura pagotxa! Erdia ez bazen ustel, laurdena gutxienez bai. Arrigorriagan autobusa hartu, jesarri eta alaitzeko Radio Nervión bete-betean. Hori dela eta, autobuseko geldialditxo bat aprobetxatu nuen Diputazioak edo ipinitako gidari-arduradunari eskatzeko irratia, mesedez, euskaraz ipintzeko: Gaztea Irratia, Bilbo Hiri irratia… Aurpegi arraroa jarri, irratia kendu eta handik aurrera zigortuta, animaziorik gabe.

Heldu ginen Abrisketako San Pedrora, eta han hasi zen gidari-arduraduna bere azalpen interesgarriekin: «Ikusten duzue han. Han dago Malmasingo gotorlekua. Han indigenak bizi ziren eta txor, txor… Aukera eduki nuenean galdetu nion indigenak erabili beharrean zergatik ez zuen euskaldunak hitza erabiltzen. Aditu moduan, bere erantzuna izan zen han bizi zirenak ez zegoela argi euskaldunak zirenik. Azken teoria batek esaten omen zuen euskara gure inguruan berria zela, eta gurekin zetorren atso-agure bisitari euskaldun batek ere adostasuna adierazi zion. Harrituta, zer erantzun ez nekiela geratu nintzen. Baina konforme ez. Pixka bat geroago, batez ere nire ezjakintasuna argitzeko, gidari-arduradunari galdetu nion nondik zetorren euskarari buruzko teoria berri hori. Eta galdetu zidan ia ez ote nuen ikusi telebistan plazaratutako teoria: Euskalduntze berantiarra saioa.

Aurrekoak gogora ekarri zidan Bilboko arkeologia museoa orain bi hilabete, bisita gidatu batean azaltzen zuen Bizkaiko Aldundiko beste aditu euskaldun baten esana: «Azken teoriek esaten dute aitzina hemen ez zela euskaraz egiten». Susmo txarra hartu nion baina ez nuen ezer esan. Halere, gaitzak ez du inoiz lo hartzen. Dirudienez, Alberto Santanak eta EITBk etengabe martxan darabilten txorradak esateko makinak gasolina gehiago eman die Bizkaiko aldundiko soldatapeko eta beste zenbaitzuei.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude