‘Veleia, ezintasunak, hondeamakinak eta urteurrenak’ artikulua NAIZen

NAIZ agerkari digitalean, Veleia, ezintasunak, hondeamakinak eta urteurrenak izeneko artikulua argitaratu didate. Horrela dio:

Juan Martin Elexpuru
Veleia, ezintasunak, hondeamakinak eta urteurrenak

Ez da harritzekoa jendeak sekulako nahastea izatea auzi honetaz, izenarekin berarekin hasita. Zein erabili behar da, Arabako Iruña, Iruña Oka, Iruña-Veleia, Veleia soilik… Jar gaitezen pentsatzen. Hiria egondako toki horrek Iruña beste izenik ez du ezagutu azken mila bat urtean.Veleiaren azken aipamena 881. urtekoa da (Velegia, Errioxako Albeldako kartularioan). Arabarrek leku horri Iruña deitu izan diote.

Harrezkeroko aipamen idatzietan hori agertzen da, eta ahoz ez da besterik transmititu. Galdetu bestela Gasteiz edo Mendoza aldean bizi den adineko edozeini, eta esango dizu leku hori beti Iruña izan dela, eta atzo goizera arte ez duela Veleiarik entzun. Hipotesi nire ustez sendoena da hiri karistiarraren izen zaharra Iruña zela, erromatarrek birbataiatu eta Veleia jarri ziotela, Liguriako hiri baten izena emanez, baina ez zela galdu Iruña izen zaharra euskaldunen ahotan.

1949-53 epean Gratiniano Nieto arkeologo frankistak indusketak egin zituen aztarnategian soldaduak erabiliz. Eta pentsa, 1958 argitaratu zuen txostenak El oppidum de Iruña du izenburua. Izan ere, artean ez zekiten antzinateko agirietan agertzen zen Veleia hura eta Mendozatik hurbil dagoen Iruña izeneko eremu zabala toki bera zirela. Orain dela berrogei bat urte heldu ziren adituak ondorio horretara. Eta modu xelebrean gizarteratu zen izena. Nik behintzat ‘Asociación Veleia para la defensa del español’ elkarte antieuskaldun haren bidez ezagutu nuen, 1980 inguruan.

Aspaldi onartutako izen ofiziala Iruña-Veleia da; zuzena eta egokia nire ustez, lekuaren historia ezagututa. Horregatik, ulergaitza egiten da zenbaitek leku horri Veleia soilik deitzeko hartu duten seta, akademiko, idazle eta kazetari euskaltzaleak tartean. Veleia afera du titulua gaiaz argitaratu den liburu batek, eta Batzorde Laguntzaileko zenbait kidek ere ez du besterik erabiltzen.

Gatozen arrastora. Aurtengo otsailaren 22an iragarri zen: berriki aurkitu duten aldare bateko inskripzioan VELEIA jartzen du. Lehen aldia ei da izena ‘in situ’ dokumentatzen dela. Jada ez dago zalantzarik, antzinateko testuetan agertzen den Veleia hiria da hau. Hitzerdirik ere ez, jakina, grafito ‘faltsuetan’ agertzen diren Veleiei buruz. Hamabi aldiz irakur baitaiteke izen hori. Bost Veleian forman, aldarean bezala; behin ‘In Veleia vici’ ustez elebidunean, inesiboan hau ere; hiru aldiz Veleia Nova, eta beste hiru Veleia Gori.

EHUko lau irakaslek aurkeztu zuten aldarea prentsaurrekoan; tartean zen Joaquín Gorrochategui, duela lau urte ondorengoa idatzi zuena bere txostenean: «Resulta muy poco comprensible que el nombre de la ciudad, Veleia, que ya en ciertas fuentes tardías como el Itinerario de Antonino y el Ravenate aparece con B (Beleia It. Ant., Belegia Rav.) (como consecuencia del proceso de betacismo que confundió la/w/ con /b/ fricativa) aparezca siempre en los óstraca vascos escrito con /V/. Sólo podría entenderse como un conservadurismo gráfico del nombre oficial escrito en el Alto Imperio».

Oso zaila zen izena horrela idatzita agertzea, baina agertu da. Pisu handiko beste mila ezintasun ere aldarrikatu zituzten batzordeko adituek, baina erantzun gisa ondutako txostenen haize-boladek airean eraman dituzte ezintasunok.

Une honetan Madrileko laborategi batean analizatzen ari dira grafito batzuk, auzipetutako arkeologoen eskariz eta epailearen aginduz. Espero dezagun ondo egingo dituztela eta auzia betiko argituta geratuko dela. Bada beste froga erraz bat zalantza guztiak uxatuko lituzkeena eta kaleratutako arkeologoek lehenengo egunetik eskatzen dutena: indusketa kontrolatuak egitea aztarnategiko leku jakinetan. Baina horrelakorik ez dute entzun ere egin nahi unibertsitateak eta aldundiak.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Arabako Foru Aldundiak Julio Nuñez izendatu zuten aztarnategiko zuzendari. Aski ezaguna da hark egindako langintza. Hondeamakina handi bat erabiliz 8.000 m karratu harrotu zituen jesus batean. Hori erakusten duten bideoak eta argazkiak ipinita daude Interneten. Itsuak ere ikusiko luke sarraskia, baina gure komunitate zientifikoak itsu eta mutu jarraitzen du, eta Lurmenekin hain zakarrak izan diren politikari, kazetari eta intelektualak ere bai. Eta askok galdetzen digutena, tartean Harris arkeologo famatuak aztarnategira egin zuen bisitan: zer diote honetaz Euskal Herriko beste arkeologoek? Kalean eta tabernan kristorenak, behar den lekuan ezer ere ez.

Duela gutxi urteurren hunkigarri bat bizi izan dugu. Hamar urte bete dira bidegabekeria sinestezin bat burutu zela hedabide baten eta pertsona batzuen kontra. Sufritutako kaltea konponezina bada ere, euskaldungoaren eta arrazoiaren berotasuna sentitu dute. Beste bidegabekeria baten laugarren urteurrena igaro berri da. Gure ondarearen zati bat zakarrontzira bidean eta pertsona ondradu batzuk kartzela atarian daude. Epailearen aldetik akusaziorik ez egon arren, kondena mediatikoa betetzen ari dira aspalditik. Eta desohorea, langabezia eta heriotza zibila dira ondorioak. Zenbaiten erasoak eta askoren isiltasunak elikatuta. Eliseo Gil eta Idoia Filloy dira izen-abizenez.

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude