‘Iruña-Veleia 2013an argituko dugu?’, Koldo Urrutiaren artikulua Berrian

Euskeraren Jatorria taldeko Koldo Urrutiaren Iruña-Veleia 2013an argituko dugu? agertu da gaurko Berrian. Zuzeu blogean ere argitaratu da. Hemen izan dituen lehen iruzkinak barregarriak dira, zenbaiten maila intelektual eta humanoaren ispilua. Ezizenaren mozorrorik gabe batzuk ez lirateke ausartuko tamaina horretako tontokeriak idazten.

Iruña-Veleia 2013an argituko dugu?

Iruña-Veleiako grafitoak egiazkoak ala faltsuak diren argitzea ez da, jada, gure herriko historia eta euskara historikoa ezagutzeko aukera bat edukitzea ala ez. Askoz gehiago da eta dagoeneko unibertsitate, ikerketa, arkeologia eta hizkuntzalaritzaren maila etiko-zientifikoa ezagutzeko “kotoi proba” bilakatu zaigu.

Gasteizen arrakasta handiz egindako Iruña-Veleiari buruzko I. Nazioarteko Biltzarrak gai hau argitzen laguntza handia eman du, gai hau zientifikoki bideratzeko ezinbestekoak diren hiru arloetan sakondu ondoren: datazioak, kata kontrolatuak eta auditoria arkeologikoak.

Mahaingurua_goizekoa

Bermudas Museoko zuzendaria eta arkeologia garaikidearen “aita” den Edward Harrisi entzuteko aukera izan genuen bertan. Harris,  hemen egondako lau egunetan, arkeologia lana baloratzeko asmoz, Eliseo Gil eta Idoia Filloyrekin egon zen, indusketa bisitatu zuen, estratigrafien datuen jatorrizko koadernoak eskatu eta aztertu zituen (Adituen Batzordeak hauetako bat ere ez zuen egin urtebetean). Eta gaian sakondu ondoren, ez zuen zalantzarik erakutsi: “estratu guztiak ondo dokumentatuta daude eta beraz, grafitoak esandako garaikoak dirudite. Hala ere auditoria independiente luze eta zabal batek berretsi beharko luke hau, eta ez Lurmenen auditoria soilik, EHUko Arkeologia Sailak egindako lanaren auditoria ere egin beharko litzateke” (hondeamakinak “ukitutakoa”).

Bere iritziz “Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoak arrazoi gabe izan dira akusatuak, beraien lanak ez baitira behar bezala auditatu.  Egoera honetan dagoena ni banintz, epaitegietara eramango nituzke difamazio horien egileak”. Eta Biltzarretik kanpo ere hau esan zuen “Estatu Batuetan enpresa honen kontrako prozesu judizialak egun bat besterik ez zukeen iraungo, alderdietako batek, hau da, Aldundiak, piezak gorde dituelako eta ez Epaitegiak. Hortaz piezen zaintzaren katea apurtuta geratu da.”

Harrisen hitzak argiak izan baziren, estatuan onomastika erromatarra primeran ezagutzen duen Santiago Compostelako Unibertsitateko Antonio Rodriguez Colmeneroren hitzaldia ez zen atzean geratu eta aho zabalik utzi zituen etorritakoak. Rodriguez Colmenerorentzat ikonografia eta idazkun gehienak erabat koherenteak dira. Arlo helenistiko, grekoerromatar, paleokristau eta eguneroko bizitzari buruzko idazkun eta marrazkietan ez da faltsukeria adieraz lezakeen gauza nabarmenik aurkitu, nahiz eta kasu batzuetan lekukotzak menderen bat edo gehiago aurreratu. Bere ustean akats ortografikoak ezin dira inondik inora faltsifikazioaren arrazoitzat hartu, garai horretako grafitoen %90ean akatsak egiten zirela kontuan hartzen badugu. Colmenerorentzat ez ziren faltsutzat hartu behar izan kata kontrolatuak egin gabe. Gainera ez du ulertzen Eliseo Gilek katak egiteko eskaerari Adituen Batzordeak zergatik uko egin zion.

Kataluniako Museo Historikoko Paleopatologia arduraduna den Joaquim Baxariasek hezurretan egindako grafitoez informazio asko eman zuen. Batetik, hezurrak 300 euroren truke datatu daitezkeela esan zuen eta hori ez dela egin. Ondoren, dagoeneko eginda egon behar zen froga bat egin beharko litzatekeela dio: idazkunak dituzten hezurren adina ikusita, adin bereko hezurretan eta hezur freskoetan idazkun berdinak idatzi, batean zein bestean idazkunak nola geratzen diren ikusteko. Horrek erakutsiko liguke ezinezkoa dela hezur zaharretan idaztea freskoetan egingo litzatekeen moduan.  Bere ustean gutxienez hezurretan agertu diren grafitoen erdia, argazkiak ikuste hutsarekin (Aldundiak ez zien Biltzarreko adituei grafitoak aurrez aurre ikusteko baimenik eman), argi dago ezin izan direla azken 100 urte hauetan egin. Hala ere laborategietan analizatu behar direla, patinak ondo aztertuz informazio gehiago  lortuko litzatekeelako.

Valentziako Kulturako Errege Akademiako Ikerketa Iberikoen ikerlari den Luis Silgok esan zuenez, biltzar honen ondoren ezin izango du inork grafitoak faltsuak direla esan. Bere ustean grafitoek erakusten diguten euskararen egonkortasunak aurrerakuntza handia ekarriko du euskara historikoaren ikerketan eta ez dela gure unibertsitateetan orain arte erakutsi diren kontzeptu batzuk aldatzeko beldurrik izan behar (artikulua, hasperena…). Ondoren Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Antonio Arnaizek azaldu zuenez, Iruña-Veleian aurkitutako grafitoen artean badirela zenbait zeinu iberiar, Penintsulan agertutako batzuekin erabat erlazionatuta.

Afera honetako lau urteko historia ere izan genuen hizpide eta argi geratu zen Arabako Foru Aldundiak izendatu zuen Aholku Batzordeak hasieratik oztopoak jarri zizkiola gai hau argitzeari. Izan ere, ez zuen indusketa bisitatu, ez zituen arkeologoak galdekatu, ez zuen informazio gehigarririk eskatu, eta ez zituen estratigrafiako koadernoak kontsultatu, euren iritzia txosten partzialetan oinarrituz, Nuñezek azaroaren 23ko bisitan aitortu zigunez. Eta, txarrena, ez zituen Batzordeko Eliseo Gil eta Dominic Perringek eskatutako kata kontrolatuak onartu, ezta Eliseo Gilek eskatutako 100 grafitoen datazioak ere onetsi, grafitoak egiazkoak ala faltsuak ziren ebasteko ezinbesteko teknikak ditugunak.

Horrez gain, ostrakak faltsuak direla baieztatzen zuten 6 txostenetatik hiru, iritziz aldatu zuten kideek egindakoak direla aipatu zen (Gorrochategui, Santos eta Cipres, zeinak hasieran ostrakak egiazkotzat eta garrantzitsutzat zituzten), eta beste hirurak interes zehatzak zituzten birenak ziren: bi EHUko Arkeologia Sailarenak (indusketa hau bereganatzeko irrikitan zegoena, denborak erakutsi digun moduan) eta hirugarrena Joseba Lakarrarena (ostrakek bere aintzineuskararen teoria baliorik gabe uzten dutelako).

Biltzarrean gogoratu zenez, orain arte 19 txosten eta irizpenek grafitoak egiazkoak direla berretsi dute, nahiz eta faltsutasunaren aldeko joera hainbat esparru akademiko eta sozialetan oso zabalduta egon den: Edward Harris, Txillardegi, Juan Martin Elexpuru, Hector Iglesias, Jean-Baptiste Orpustan, Carmen Fernandez, Emilio Ilarregi, Antonio Rodriguez Colmenero, Ulrika Fritz, Koenraad Van den Driessche, Mikel Albizu, Joaquin Baxarias, Luis Silgo, Roslyn M. Frank, Miguel Thomson, Antonio Arnaiz, baita Eliseo Gil eta Idoia Filloyk Adituen Batzordekoei erantzunez egindako txostenak. Horiez gain, zendutako Henrike Knörren iritziz ere egiazkoak ziren grafitoak, nahiz eta hasieran esandako garaikoak baino berantiarragoak izateko aukera ere kontuan hartu behar zen.

Biltzarrean garrantzia handia eman zitzaien gaur egun Madrileko Instituto del Patrimonio Culturalen eta Epailearen aginduz egiten ari diren datazioei. Aipatu zen moduan, datazio horiek Aldundiak Lurmen epaitegira eraman eta ordezkatu baino lehen egin behar izan ziren.

Madrileko laborategiak lana ondo egingo ote duen zenbait zalantza daudela esan beharra dago, batetik, datazio eskaerako grafito batzuk kanpoan utzi dituztelako eta, batez ere, laborategi honek Europan dauden beste arkeometria laborategiek duten esperientzia eta berme maila bera ez duelako. Hala ere, Epaileak zabaldutako bidea oso garrantzitsua dela argi geratu zen Biltzarrean eta, aipatu zen moduan, gai hau zientifikoki argitzeko emaitzen zain egon behar dugu. Epaileak maiatzerako datazioak amaitzea eskatu dio laborategi honi.

Orain datazioek dute hitza.

Arabako Iruña Argitzeko Batzordea (Euskararen Jatorria)

Kategoria: Sailkatugabeak. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude