Eguaztenero egiten den Bergarako Azoka

Azaroaz geroztik, eguaztenero egiten dute azoka Bergaran eta hileko lehen eguaztenetan azoka indartsuagoa izaten da, gainera. Abenduko lehen eguaztenean, beraz, azoka berezia egin zuten. Herriko baserritar eta ekoizleez gain, danbolinean erretako gaztainak izan zituzten, Auzokoko emakumeek sahararra den tea ere banatu zuten eta Jardunen eskutik, Euskararen Eguneko muralak eraiki zituzten.

Ehunka lagun korrika, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren alde

Ziburuko Kaskarotenea ikastolari laguntzeko, elkartasun krosak egin zituzten egubakoitzean Debagoienean, Arizmendi, Aranzadi eta Txantxiku ikastolek antolatuta. Arratsaldean herritar orok korrika egiteko aukera izan aurretik, goiz-eguerdi partean ikasleak izan ziren protagonista. Krosean parte hartzeko euroa eskatzen zen; ondorioz, ikastoletako ikasleen artean 4.100 euro batu zituzten. Eta herritarrek jarritakoa gehitu behar horiei.

Matrogym ikastaroa Arrasaten

Haurdun dauden emakumeei zuzendutako gimnasia ikastaroa ematen ari dira Arrasateko Musakola kiroldegian. Baina ez da nolanahiko ikastaroa, izan ere, uretan ematen da, igerilekuan. Jarduera fisiko egokia egiteak, hainbat onura ekartzen dizkio haurdun dagoen emakumeari ere eta horrelako saio baten nondik norakoak kontatu ditu Estitxu Zubillaga monitoreak.