Zapore eta doinu nahasketa aberatsa San Juan jaiei agur esateko

Sanjuanen azken egunean izan da zerekin gozatu. Eguerdian, Kulturartekotasun Azoka izan da Herriko Plazan eta kultura askotako jakiak dastatzeko aukera egon da. Postu ugari egon dira plazan eta jendearen erantzuna ere parekoa izan da, arrasatearrek herriko plaza bete baitute. Besteak beste, Nepal edota Peruko jakiak izan dira azokan, baina gertuagoko platerak dastatzeko aukera ere izan da, Galiziako sukaldarien eskutik. Askok lehen aldiz egin dute topo urruneko zapore indartsuekin eta batzuentzat minegiak baziren ere, beste batzuentzat aurkikuntza interesgarria izan da gaurkoa.

Gazte modaren eskaintza zabala, Bergarako Jo’ka jantzi dendan

Irala kalean kokatzen da Jo’ka denda eta bertan arropa ugari daukate salgai. Udara honetarako aproposak izan daitezkeen jantziak erakutsiko dira erreportajean eta azken tendentziak zeintzuk diren ere jakin ahal izango da. Arropaz gain, osagarriak, poltsak eta zapatak ere saltzen dituzte dendan. Ainhoa Garitano arduradunak eman du horren berri.

Estratosferara bidalitako panpinazko txantxikuaren istorioa, proiektuko kideen hitzetan

Komunikabideetan eta sare sozialetan zeresan handia eman du zapatuan Oñatitik estratosferara zeruratu zen panpinazko txantxiku astronautak. Bianako (Nafarroa) mahatsondoetan lurreratu zen txantxikua eta bideoz grabatu dute bidaia osoa. Proiektuaren bultzatzaileak izan diren Ilatargi Astonomia Taldeko Manu Arregiren eta gaztelekuko arduradun Jon Lopezen hitzetan jaso da istorio guztia ondorengo bideoan.

Arroza, hiru minutuan egina

Bergarako Kortazar taberna edukitako Migel Mendibili proposatu genionean programarako zerbait prestatzea, zera esan zigun: “Paella, hiru minutuan, prestatuko dut”. Paella hiru minutuan, gaurdaino halakorik. Eta egi egia ez zen, baina ezta gezurra ere. Aurreko prestaketetan behar da denbora apur bat, baina lapikoan –presioduna– hiru minutu behar ditu, behin pitorroa igotakoan.

Debagoieneko Lanbide Hastapen eskolan zabalik dago aurre matrikulazio epea

Hilaren 20ra arte dago zabalik aurre matrikulazio epea Arrasaten kokatzen den Lanbide Hastapen eskolan. Matrikulazio epea, berriz, uztailaren 1etik 7ra bitartean izango da. Sukaldaritza, mekanika, iturgintza edo elektrizitate tailerrak dituzte bertan, besteak beste, eta eskolako txoko ugari ezagutzeko aukera izango da ikus-entzunezkoan.

Arrasateko Montxon kobazuloan barrena

Udalaitz mendiaren azpian kokatzen den Montxon kobazuloa ezagutzeko aukera izango da ondorengo erreportajean. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Aramaioko hogei gaztetxorekin batera egindako ibilbidea da. Multikirolen ikasturtea amaitu ostean, hain ohikoak ez diren kirolak ezagutzeko aukera daukate ekainean gaztetxoek Leintz Eskola Kirolaren eskutik, eta oraingoan, espeleologia egin dute.