Kategoriaren artxiboa: uzta

Bizilagunen iritzi bilketa

Dagoeneko, nahikoa gozatu dugu labirintoarekin eta aste honetan bertan amaitu dugu dena jasotzen. Lan nekeza izan arren, pozez gainezka gaude, labirintoaren eraikuntza lanek izandako harrerarekin. Eta nola ez, plazer bat izan da, labirintoa eraiki ondoren bertan jolasteko aukera izatea.
Hala ere, labirintoa jaso arren, oraingoan ere Erguineko bizilagunengana ate joka gatoz. Izan ere, zuen iritzia zein den ezagutzea gustatuko litzaiguke. Horretarako ohar bat banatuko dugu datorren asteazkenean, Larrea eta Usaetxe plazetako etxeetan. Bertan, beheko idatzia jasoko duzue bizilagunok.
Gure egitekoa hobetze bidean, zuen iritzia ezagutzea eta hurrengorako kontuan izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Horregatik, bost minutuko tartetxo bat eskatu nahi dizuegu, galdera pare bat erantzuteko eta Usaetxe ludoteka aurrealdeko gutunontziaz uzteko. Edota bestela, bizilagunekin egingo dugun asanbladara bertaratzeko aukera ere baduzue.
Besterik gabe, eskerrik asko denoi eta laister arte!

Arrasaten, 2012ko apirilaren 25ean
Kaixo Erguineko bizilagunok,

Txatxilipurdi elkartetik idazten dizuegu, eskari bat egiteko. Martxoaren 26an Usaetxe plazan haurren eskariei erantzunez eta beraiekin batera, material birziklatuz osatutako labirintoa eraiki genuen. Eta apirilaren amaierarako jaso genuen berau. Labirintoa zutik egon den bitartean, haurrak gustura aritu dira jolasean, beraiek amestutako jolas elementuarekin.
Labirintoa egiteko ere, haurrek zuengana jo zuten, etxe atarietan ipinitako ohar baten bidez zuen iritzia jasotzeko. Oraingoan ere zuengana jotzen dugu, labirintoari buruzko zuen iritzia jasotzeko. Horretarako, behean azaltzen diren galderak erantzun zenezakete eta Usaetxe plazan dagoen ludoteka aurreko gutunontzian utzi. Edota gurekin aurrez aurre egon nahi izanez gero, Usaetxe ludotekan egingo dugun bizilagunen asanbldara gonbidatzen zaituztegu. Asanblada, maiatzaren 8an izango da, arratsaldeko 19:00etan. Zuen iritziak entzuteko deseatzen gaude.
Zer iruditu zaizue haurrek proposatu eta beraiekin batera eraikitako labirintoa?
Zer aldatu edo hobetuko zenukete horrelako beste jarduera batean?
Aldez aurretik eskerrik asko!!
Txatxilipurdi Elkartea