Kategorien artxiboak: loratzen

Ekaineko akanpada

Pasa den ostiral gaua, gau magikoa izan zen Usaetxeko ludotekako erabiltzaile eta gurasoentzat. Gaua, arratsaldeko 17:00etan hasi zen, abentura, emozioa eta dibertsioa batu zituen ekintzekin.

Arratsaldeko 17:00etarako Urru-ren laguntzarekin tirolina prest zegoen Usaetxeko plazan. Gustura ibili ziren, soka, arnes, korapilo, kasko etab.-en artean.

Ordubetez, gora eta behera ibili ondoren, beste sorpresa bat izan zuten ludotekako erabiltzaileek. Errealean jokatzen duen Mikel Gonzalez gazte arrasatearra etorri zen bisitan ludotekara! Asanbladan eserita, bere bizipenak kontatu zizkigun eta jarraian denok batera, talde jolas pare batzuk egin genituen. Mikelek lanak izan zituen, ludotekako haur eta gaztetxoen kamiseta, baloi eta antzekoak sinatzen. Eskerrik asko Mikel!

Bisitaren ondotik, tirolinarekin jarraitu genuen arratsaldeko 20:00ak arte. Haur batzuk tirolinan errepikatu zuten eta amaiera aldean, gurasoak ere animatu ziren adrenalina dosi bat askatzen. Tirolinaren muntaketa eta mantentze lanetan arduratu zen Urru arrasatearrari ere eskerrak eman nahi dizkiogu bere lan eta borondatearengatik. Aupa Urru! Eta eskerrik asko zuri ere!

Batzuk tirolina desmuntatzen aritu ziren bitartean, beste batzuk afari merienda prestatzeari ekin zioten. Afari merienda, bakoitzak etxetik ekarritakoarekin osatu genuen eta mundiala izan zen! Gainera, afal osterako, andaluziako postre goxoa prestatu zuten ludotekako erabiltzaile batzuen gurasoek. Eskerrik asko hauei ere!

Afal osten, ingurua txukundu eta oihalezko etxeak muntatzeari ekin genion, gaua plazan bertan igarotzeko. Muntaketa lanetan denetik egon zen, batzuk bizi aritu ziren eta beste batzuek berriz, ikastaroren bat edo beste behar izan zuten kanpin denda muntatzeko. Hala eta guztiz ere, ipuina irakurtzerako denontzako kanpin dendak muntatzea lortu genuen. Hortzak garbitu eta pixa egin ondoren lotarako gertu ginen denok.

Goizean goiz esnatu ondoren, trikiti eta panderoarekin diana izan genuen. Ostean denok batera gosaldu eta ingurua txukundu genuen. Amaitzeko, asanbladan, akanpadaren balorazioa egin genuen.

Gure partez, Usaetxeko bizilagun, ludotekako guraso, erabiltzaile eta auzoko denda eta tabernariei eta nola ez jaialdian parte hartu zenuten guztioi MILA PILA ESKER!

Jaialdi berria

Oraingoan ere, beste jaialdi baten berri eman nahi dizuegu. Ostiral honetan, ekainak 8an, Usaetxen egingo dugun ludotekako erabiltzaile eta gurasoen jaialdia hain zuzen.

Aurretik egindako auzotarren jaialdian, proposamena luzatu zuten ludotekako erabiltzaileen gurasoek eta horri erantzunez, jaialdi berri bat egitea otu zaigu. Denon artean, ikasturteari amaiera ederra emateko.
Hori dela eta, honako egitaraura antolatu dugu.

Arratsaldeko 7etatik aurrera, kanpalekua prestatzen hasiko gara, ludoteka aurrealdeko plazan.
Iluntzean, bakoitzak ekarritakoarekin afari-merienda egingo dugu.
Ondoren gamusino bila arituko gara.
Gaua, plazan bertan pasako dugu kanpin denda eta lo sakuak hartuta.
Goizean goiz esnatu, eta elkarrekin gosaldu ondoren amaiera emango diogu kanpaldiari.

Datorren astean, jaialdia nola joan den kontatuko dizuegu.

Jaialdiko irudiak

Hona hemen, aurreko ostiralean Usaetxeko ludotekan ospatutako jaialdiaren irudiak. Arratsaldeari, auzotik zehar egindako altxorraren bila txapelketarekin ekin genion. Ondoren, eta txapelketan galdutako indarrak berreskuratzeko asmoz, Usaetxeko plazan elkartu ginen haur zein heldu, patata tortilla lehiaketarekin jarraitzeko asmoz. Batzuk tortillak egiten zeuden bitartean, beste batzuk hitz egiten edota jolasean aritu ziren giro ederrean. Ikusi bestela irudiok.


(Altxorraren bila)


(Nagusienak, txikienei aurpegia margotzen)

(Patata tortilla lehiaketako epaimahaiak, lanak izan zituen irabazlea aukeratzeko)


(Etorkizuneko Arzak!)

(Txiki zein haundi, denak adi-adi tortillari begira)

(Osagaiak: patatak, olioa, arraultzak, gatza…)

(San Andreseko Gazte Txokeroak ere gerturatu ziren)

(Ze itxura ederra duten, tortillek!)

(Sukaldari txikiak, amantal eta guzti)

(Lehiaketa amaitutakoan, tripa betetzea tokatzen da, on egin!)

Auzo jaialdia

Iepala denoi!!
Gaurkoan, ostiral honetan egingo dugun jaialdirako gonbidapena luzatu nahi dizuegu.
Egitarauko kartelean irakurri dezakezuen bezala, ostiral honetan (18), arratsaldeko 5etatik aurrera festa, algara, dibetsioa eta jolasa nagusi izango dira Usaetxeko plazan. Izan ere, auzotarrei eskerrak eman nahi dizkiegu, ludotekako ekintzak aurrera eramaten lagundu digutelako: laberintoa eraikitzeko materiala batuz, ludotekako landareak zainduz, ekintzetan parte hartuz etab.
Hori dela eta haur zein helduentzako egitaraua antolatu dugu. Lehendabizi auzoan zehar altxorraren bila arituko gara, sasoi bateko piraten antzera eta ondoren berriz, auzoko patata tortilla lehiaketa izango da. Tartean hala ere, ez da faltako jolasa eta musika.
Ekintza hauetan parte hartzeko Usaetxeko ludotekara edota Fatima supermerkatura gerturatuta nahikoa da. Izen ematea zabalik dago ostegunerarte eta edonork hartu dezake parte.

Beraz, ostiral honetarako planik oraindik ez badaukazu eta altxor bila edota pata tortillak egiten trebea bazara…zatoz Usaetxeko ludotekara!