Aramaioko doinu bat “Eusko Gudariak” abestiaren oinarri

Amaiur batailoiaren atal bat (1937)

Historia txikiak dioenez, 1932an, Done Mikel Aralarkoan eguna igaro eta gero, gazte-talde batek euskal kantak abesten ekin zion baselizatik jaisteari. Orduko abertzaleek beren patroiari eskainitako jaia izan zen hura eta ez zen bertan kemen eta alaitasunik falta. 

Giroa goxotzen zuten abestien artean bazen bat, gainerakoetatik desberdin samarra eta ez ezagunegia, asko gustatu omen zitzaiena geroago EAJren BBBko lehendakaria izatera iritsiko zen Jose Mari Garate Azkarraga algortarrari eta harekin batera zihoazen beste hainbat burkideri. Eta solasean ari zirela, planteatu zen ea hain doinu duin eta martziala izanik, ez ote zuen hitz eta mezu egokiagorik izatea merezi.

Gau hartan bertan ondu omen zuen Garatek letra berria izango zenaren lehen zirriborroa. Geroago etorri bide ziren Alexandro Lizaso errenteriarrak (1937ko apirilean Otxandio-Legutioko frontean zendua) eta Basilio Pujana zeanuritarrak abestiari eman zizkioten behin betiko moldaketak.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ekimen haren fruitu izan zen harrezkero Eusko Gudariak izenburuarekin ezagutuko zen abestia.

Eusko gudariak gara

Euskadi askatzeko,

gerturik daukagu odola

bere aldez emateko.

Irrintzi bat entzun da

mendi tontorrean,

goazen gudari denok

ikurrina(re)n atzean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Doinu hura, kantari gazteek ondo zekitenez, lar hedatua ez zen herri-kanta bati zegokion eta ordurako Resurreccion Maria Azkuek argitaratua zeukan bere Cancionero Popular Vasco izenekoan (205. zenbakia), Aramaioko Oleta elizateko Engrazia Lazkano-ren ezpainetatik jasoa. Honatx:

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezin da ahaztu, bestalde, Azkuek ukitu eta “egokitu” ere egiten zituela jasotako bertsioak, baina ez dakigu zenbateraino “zuzendu” zuen honako hau. Esaterako, badakigu, ohar batean dioelako, Engrazia andreak “nau” (< nago) kantatu ziola, ez besterik. Eta ia segurua da ez ziola oletarrak “nengoan”, “ta”, “Bitorian”, “utsik”, etab. esan.

Azkueren aldaketak gorabehera, pentsatzekoa da Aralarko kantari adoretsu haiek Aramaio-Oleta-Otxandio ingurukoak izan zitezkeela edo, akaso –bitxiagoa hipotesi hau–, 1923an kaleratutako hirugarren kantutegi-liburukitik bertatik ikasia izan zezaketela abestia. Edo, zergatik ez, hedadura handiagoa zuela abesti hark Bizkaia aldean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Garate-Lizaso-Pujanaren bertsio berriak, ordea, ez zuen arrakasta gehiegirik izan, baina hainbaten oroimenean geratu zen iltzatuta, itxura duenez, eta gordetako hazitxo hori izan zen abesti egokituaren ibilaldi berriaren hasiera.

1936ko abuztuan, izan ere, hilabete lehenago gertatutako altxamendu faxistari aurre egiteko gudari-konpainia bat osatu zen Bilbon, Gasteizen fusilatutako burkide baten omenez “Kortabarria” izena hartu zuena. Felipe Bediaga buru zeukan konpainia hark Eusko gudariak –doinua eta letra, alegia– hartu zuen himno gisa.

Hilabete eskasean (irailaren 24an, hain zuzen) sortu zen Euzko Gudarosteko lehen batailoia, “Arana Goiri” izenekoa, berau ere Bediaga komandantearen agindupean. Eta fronteko lubakietara joan behar zutela eta, “Kortabarria” izandako konpainiako kideek Eusko gudariak kantatzeari ekin zioten formazioan zeudenean, gainerako burkideek (“Garaizabal”, “Etxebarria” eta “Zubiaur” konpainietakoek) martxan zihoazela ikasi zutelarik himno berria. Huraxe, beraz, abestiaren sarrera ofiziala Eusko Gudarostean. Euskal munduak laster bilakatuko zuen askatasunaren aldarri.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gerra galdutakoan, diktadurak ezarritako debekuak ezin izan zuen eragotzi, 1970ean, Burgosko Auzi ospetsuan publikoki kantatua izan zedin. Eta diktadurak ezin izan zuen debekatu Euskal Herri osoan himnotzat agertzea politikarekin zerikusia zuten ekitaldi eta manifestazio guztietan.

1977ra arte itxaron behar izan zen Eusko Gudariak beldur gehiegirik gabe kantatu ahal izateko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Historiaren inguruabarrak medio, bateratsu suertatu ziren jeltzaleen mundua behinolako himnoa baztertzen hastea eta, berriz, 60. hamarkadan sortutako ezker abertzaleak Eusko Gudariak bere-berea sentitzearena. Nolabaiteko patrimonializatze hartan esanguratsuak izan ziren Burgosko Auziak mundura hedatutako mezua eta irudia.

Ubide beretik zihoazen ur guztiak espainiar errege borboiak –gaur egun “emerito” ere deituak– Gernikara etortzea erabaki zuenean (1981.02.04). Ekitaldi politiko hartan ere Eusko Gudariak kantatzeari ekin zioten Herri Batasuna-ko hautetsiek espainiar monarkiaren presentziak islatu nahi zuen menperatze politikoa arbuiatzeko.

Aurrerantzean EAJk ez zuen bere magalekotzat hartu euskal erresistentziaren sinbolo gisa sortutako Eusko Gudariak abestia. Are gehiago, 1979an eratutako Euskal Autonomia Erkidegoak himno gisa euskal abesti bat hautatzera jo zuenean, Eusko Legebiltzarrean gehiengoa zeukan EAJk nahiago izan zuen bere alderdiaren ereserkia lehenestea ukitu alderdikoirik ez zeukan Gernikako Arbola edo Eusko Gudariak bera baino. Transustantziatze hartan izena ere aldatu zitzaion Sabin Aranak prestatutako himnoari: Eusko Abendaren Ereserkia

Izenburu hanpurusegia, beharbada, zazpi herrialde historikoetatik hiru besterik hartzen ez zuen komunitate baten himnoarentzat.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Honaino, bada, Historia txikiak erakusten duen haria. Horra, orain, ikasgaia, hots, Euskal Autonomia Erkidegoaren erdi-erdian dagoen Aramaioko Oleta elizatean gordea zela Engrazia Lazkano andrearen bitartez transmititutako kanta hori; R. M. Azkuek jaso eta zabaldu zuela Euskal Herrian bizitza bermatuko zion lekukoa; Garate, Lizaso eta Pujana izan zirela kantaren azken moldaketa burutu zutenak. Eta garrantzizkoena: haien guztien artean ehundutako ahaleginak oparitu ziola Herri honi jadanik lau belaunaldik euskaldunon erresistentziaren sinbolo nazionaltzat sentitu duten kanta.

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Aramaioko poligono eolikoa: hondamendia ikusten hasteko gida praktikoa

Inork ezer ez omen dakien arren, badirudi nolabaiteko lanak hasi direla Statkraftek Aramaion industria-poligono eoliko bilakatu nahi duen esparruan. Hain zuzen ere, Kurtzetatik Gatzagarantz doan “GR 12” deritzon Ibilbide Luzearen lehen kilometro erdian.

Eta bai: inor gutxik sinetsi nahi bazuen ere, 2024ko otsaila zeukan markatuta Statkraftek bere kronograman poligono eolikoaren eraikitze-lanei ekiteko datatzat. Eta data horietan hasi bide da lanean.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Kasualitate hutsaren ondorioz ziurrenik, nekez atzeman daiteke ezer berezirik bertaratu ezik, harako bidea beti bezala agertzen da-eta lehen metroetan. Hondeamakinek eragindako ur-mugimenduak, gainera, nahiko toki babestuan burutzen ari dira eta zail samarra da haietaz ohartzea Gasteizko A-2620 errepidetik begiratuz gero.

Edonola ere, hango lanak-eta ikusteko, ibiltariak aski du zuri-gorriz markatuta dagoen GR 12 delako ibilbide publikoa Kurtzetan hartzea, diskretuki geldirik eta galduta moduan paratuta dagoen zapalgailu baten ondotik hasita eta kamioikada bat legar eskuinean utzita.

Aurreraxeago, bide ondoan harro zutunik ageri den Pago Urtetsu miresgarriari omen egin diezaioke ibiltariak, azken urtea izango baitu agian aurtengoa.

Beste berrehun bat metro gehiago egitea du gero ibiltariak hondeamakinak zabaltzen ari diren eremu lokaztura iristeko.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Hara eta hona dabiltzan mendizaleen iritziz, aerosorgailu bakoitzaren eraikuntzarako ezinbesteko diren “muntatze-plataforma” horietako bat prestatzeko aurreko lanak izan daitezke horiek erraz asko. Baina inork ez ei daki ezer garbirik.

Jakina, uste hutsak berezko eraman dezakeen ustela kenduta ere, egia da Statkraftek bere proiektu eolikoan ITS-02 izenarekin identifikatzen duen aerosorgailurako plataforma izan litekeela prestatzen ari direna. Horrelako zerbait adierazten bide du ondoko grafikoak behintzat:

Fuxia kolorez markatutakoen artean, ezkerreko bigarrena da ITS-02 aerosorgailua

∞∞∞∞∞∞∞∞

Ezin, zoritxarrez, hipotesia inon egiaztatu, inork ez baitu horren berririk, ezta, antza denez, lizentzia luzatu ohi duten –eta luzatu behar luketen– erakundeek ere.

Misterio larri hori dela eta, hango paisaiari ematen ari zaion aurpegi berriaren irudiekin konformatu beharko da ibiltaria momentuz, beraz.

Bai, hala dirudi: obrei ekiteko data 2024ko otsailean zeukan Statkraftek markatuta bere lan-kronograman eta badirudi ez duela inolako atzerapenik izan nahi.

∞∞∞∞∞∞∞∞

AZKEN ORDUKOA (2024.04.09)

Edozeinek ikus dezakeenez, biziki areagotu da azken egunotan Legutioko saihespidea egiteko kentzen ari diren lurren garraioa Aramaioko poligono eolikora.

Belabeltz honek berak atzeman izan du lur-garraiorako erabilitako kamioien krono-kadentzia matematikoa Kurtzetatik Legutiorainoko bidea egin bitartean: lehen kamioia Kurtzetan bertan, lurra jadanik utzita eta Legutiorantz bueltan; bigarren kamioia, lurrez gainezka, Albinan, poligonorako norantzan; hirugarrena ere, lurrez betea, Legutioko zerrategiaren pareko aldapa igotzen; eta laugarren kamioia, azkenik, saihespide berria izango den lekuan bertan, lurra kargatzen.

Belabeltzak hamar minutu exkaxetan ikusia.

Darabiltzaten kamioi guztiak (bospasei, nonbait) kontuan hartuz gero, kalkulaerraza da eguneko lur-mugimenduen kopurua…, antza denez, Aramaioko Udalaren lizentzia gabe burutua.

Eta oraindik poligono eolikoaren proiketuari azken alegazioak aurkezteko epea bukatu gabe dagoenean!

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Egunkariak leituz ilustratzen gara

I

Agur Statkraftek eraiki nahi zuen poligono eoliko bati!

Antza denez, Statkraft multinazional norbegiarraren proiektuak ez dira beti nahi duten bezala burutzen. Egunkariek diotenez, ingurugiroan sorraraz lezakeen inpaktuak ekarri dio oraingoan Trantsizio Ekologikorako Ministeritzaren baimenik eza:

dicho proyecto previsiblemente causará impactos adversos significativos sobre el medio ambiente, sin que las medidas de prevención, corrección y compensación previstas por el promotor constituyan una garantía suficiente para la adecuada protección del medio ambiente.

Ingurunearen zaintzaile eta begiraile amorratua omen den talde norbegiarrak 22 aerosorgailu jartzeko asmoa zuen jadanik 10 kilometroko radioan beste bost makropoligono eolikorengatik oso “ukituta” dagoen 110 hektareako eskualde batean (Leongo El Bierzo eta Lugo eta Ourenseko hainbat herri hartuz). 100 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, 121 MW ekoizteko aurreikusia zuen, sare elektrikoa 54 kilometroz hedatuko zelarik.

II

Eusko Jaurlaritzaren sentsibilitate fina paisaiarekiko

Abiadura Handiko Trenak Gasteizen sartzeko proposatzen ari diren ibilbidearen inguruko diseinuen artean, ezaguna da desadostasunen bat edo beste dagoela Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministeritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Lehenak Arkauteko Ertzaindegiaren ostetik Gasteizeratu nahi du AHT delakoa. Eusko Jaurlaritzari, berriz, ez zaio ideia hori gehiegi gustatzen eta ika-mika ari dira orain. 

Nabarmengarriena, baina, Eusko Jaurlaritzak paisaiaz agertu duen kezka da, orain arte ingurunea hondatzera datozen bestelako proiektutan erakutsi ez duena.

Aipatutako albisteak jasotzen duenez –erne, irakurle!–, Eusko Jaurlaritzak 

considera insuficiente la valoración de los impactos sobre el paisaje, al no considerar aspectos fundamentales como la altura que alcanza la infraestructura, la accesibilidad visual, la pérdida de calidad paisajística en las cuencas visuales, etc. 

Belamenditarren bati, lehen begiratuan behintzat, egokiak iruditzen zaizkio argudio horiek guztiak Aramaioko paisaiari ere aplikatu ahal izateko… eta Statkraftek eraiki nahi duen industria-poligono eolikoari ezetza luzatzeko. 

III

Norbanakoaren karbono-aztarnaren erantzukizuna

Hiltzaile klimatikoak liburuaren egilea den Mickaël Correia kazetariak dioenez, krisi klimatikoaren erantzukizunen zama ekonomikoa zetorkiokeela eta, argitxo gorriren bat piztu zitzaion British Petroleum enpresari eta, segidan, komunikazio-agentzia bati egin zion enkargua: formularen bat bilatu behar zen ingurunearen kutsaduraren erantzukizun latza sozializatzeko –demokratizatzeko?– eta haren ardura oinezko arruntoi ere bizkarreratzeko, gehien kutsatzen zuten enpresena ahal zena lausotuz.

Eta horra hor non asmatu zen norbanakoa errudun bilakatzeko “karbono-aztarna” kontzeptua. Horrela, erantzukizunak parekatuta, estatistikoki banatuta eta ekitatiboki partekatuta geratzen ziren, eta, halaber, litezkeen konponbideak,“empezando por cada uno de nosotros en nuestro día a día”, guztion esku, Iberdrolak xume-xume gogorarazten digun bezala.

Correia kazetariak erakutsi du, halere, munduan 100 enpresa baino ez direla gizakiari bizkarreratutako negutegi-gasen isurketen %71ren sortzaile. Guztietatik hiru dira gehien kutsatzen duten multinazionalak: Aramco petrolera (ez beza inork pentsa Aram[aio]ko denik, Saudi Arabiakoa baita), China Energy (ikatza) eta Errusiako Gazprom (gasa). Hiru-hiruek segitzen dute erregai fosil horiek ekoizten, zentralak eraikitzen eta hobi berriak bilatzen. Hain zuzen ere, erregai fosil horien ekoizpena %20 areagotzea espero dute 2030erako.

IV

Energia berriztagarria botatzen ari da espainiar Estatua

Albisteak ez du zalantzetarako tarterik uzten: kontsumitzen dena baino askoz elektrizitate berriztagarri gehiago ekoizten da gaur egun. Iaz, esaterako, 2.100 milioi euroko argindarra “galdu” zen, ekoiztu eta gero, eguzkiarekin loturiko berriztagarrietan eta eolikoetan.

Ezaguna denez, kontsumoaren gutxitze horri bestelako arrazoirik ere elkartzen zaio. Honatx aipatuenak: elektrizitate-sareak ez du ekoiztutako guztia bideratzeko ahalmenik; hainbeste argindar gorde ahal izateko bateriak ez daude garatuta; energia horretaz erruz balia zitekeen ibilgailu elektrikoa ez da espero bezala hedatu; hartarako azpiegiturek lehen bezain urri segitzen dute; klimak berak ere ez du gehiegi laguntzen negu eta udaberri epelekin… 

Badirudi udarako iragarritako beroei aurre egiteko masiboki erabili beharko dela aire girotua eta, horrek argindarraren kontsumoa gora eramango duela…, baina aski izango ote da hori berriztagarri eoliko eta fotoboltaikoen ekoizleek behingoz negar egiteari utzi diezaioten?

V

Aberria eta aldaketa klimatikoaren aurkako borroka

Aerosorgailuak Txinari erosteak ez du barkamenik, guztion “aberria” ei den Europaren kontra jokatzea baita, eta gainera oso da gure ziurtasunerako arriskutsua. Horixe diote, behintzat, Wind Europe izeneko europar patronal eolikoak eta espainiar Enpresarien Elkarte Eolikoak.

Hau da, Europako trantsizio energetikoak made in Europe izan behar du oso-osorik, eta horrek eskatzen du bertako industria zaintzea eta indartzea, horren inpaktu kaltegarriak ere Europan utzita. Baina ez txinatarrekiko solidaritateagatik, noski, guztion Aberriagatik baizik, termino ekonomikotan gauzatzen eta islatzen den Aberriagatik hain zuzen:

Wind turbine manufacturers in EU are beginning to return to profit […] And buying Chinese turbines reduces the economic benefits of wind energy manufacturing in Europe –300.000 jobs, EUR 53 billion a year contributed to EU GDP. It is not in Europe’s collective interest to transfer those benefits outside of Europe.

Alegia, europar patronal eoliko batuak –eta fotoboltaikoenak, erantsi liteke segidan– argi du ezin dela deskarbonizazioak ekar litzakeen etekin ekonomikoetako bat ere galdu aerosorgailuak –eta fotoboltaikoak– atzerritar dumping-zale desleialei erosten, txinatarren turbinak eta plakak hobeak, merkeagoak eta finantziazio-mailan eroserrazagoak balira ere. 

VI

Norbegiako poligono eoliko batek aerosorgailu zenbait geldiarazi ditu

Albisteek diotenez, Siemens-Gamesak egindako SG 5.0 -145 turbina-motako palek fabrikazio-akats larriak dituzte. Hori dela eta, mota horretako 14 turbinetatik 13 gelditu behar izan ditu Norbegiako Odal poligono eolikoak (160 MW).

Erantsi behar da iaz Siemens Energyk akats larriak detektatu zituela Siemens Gamesak egindako 4.X eta 5.X turbina eolikoetan eta haiek komertzializatzeari utzi behar izan ziola baitezpada. Urte hartako galerak ia 5.000 milioi eurokoak izan ziren eta alemaniar Estatuak lagundu behar izan zion porrotari aurre egin ahal izateko.

Hori ikusita, bitxia litzateke bikingoek berek Siemens Gamesak egin ez dituen aerosorgailu txinatarrak edota bestelakoak jarri nahi izatea non eta hemen, Euskal Herrian, Gamesaren aberrian.

VII

Danimarkakoak, bai, gure aerosorgailuak

Bitxia litzateke hori gertatzea, baina bai hori gertatuko da azkenean, ez baitira izango Siemens Gamesak egindakoak Aramaioko industria-poligono eolikoan jarriko diren aerosorgailuak.

Aramaioar gehienek dakitenez, Danimarkako Vestas enpresarenak ikusiko dira gure mendietan. Oraindik komertzializatu gabea dirudien honako modelo honetakoak hain zuzen: Vestas V172 7.55 MW.

Tokian tokiko produktuen kontsumoaren aldekoak omen diren arren, kontu hauetan bikingoak ez dira Siemens Gamesaren produktuez fidatzen.

Nolanahi ere den, honakoxeak izango ei dituzte aerosorgailuek ezaugarri ikusgarrienak: abatza edo bujea 115 metroko alturan geratuko da, palen luzera 85 metrokoa izango da. Bien arteko batuketak emango luke aerosorgailuen gehienezko garaiera: 200 metro pasatxo.

Kategoriak Aerosorgailuak, klima-aldaketa | Utzi iruzkina

Energia-trantsiziorik bai? ez?

Abeltzaintza eta berriztagarriak bateratuta

GALDE-ERANTZUNAK  DUMMYENTZAKO

Zer da energia-trantsizioa?

Klima-larrialdiari aurre egin ahal izateko bidea. Bi xede ditu nagusiki: erregai fosilen erabilerarekin bukatzea (deskarbonizazioa) eta, haien ordez, kutsadurarik sortzen eta sorrarazten ez duten energia iturri berriztagarriak bakarrik baliatzea. 

Zer da jokoan dagoena trantsizio energetikoari dagokionez?

Bi gauza bereziki: “trantsizio energetikoak zeri erantzungo dion eta nola egingo den, hau da, zeren eta noren mesederako izango den” (M. Otero eta P. Otxandiano).

Zertan datza EAEko energia-trantsizioa?

Funtsean, EAEko lurraldeak plaka fotoboltaikoz eta aerosorgailuz betetzera mugatzen den trantsizioa da. Elektrizitatea ekoiztea deskarbonizazioaren gakotzat harturik, garai hobeagoetarako uzten du erregai fosilen kontsumoaren murrizte-politika. Desazkundea bezalako kontzeptuak ez ditu oraingoz aintzat hartzen.

Nork edo zerk oztopatu ohi du nahitaezkoa litzatekeen energia-trantsizioa?

“Transnazionalen botere ekonomikoa eta industria fosilistaren interes korporatiboa” omen dira “klima larrialdiari erantzuteko behar den trantsizio energetikoaren zertarakoa eta nolakotasuna oztopatzen ari diren bi lobby nagusiak” (M. Otero eta P. Otxandiano).

Elite al dira energia-trantsizioa bideratzen dutenak?

Ez, inolaz ere ez! Ez elite eta ez energia-trantsizio oztopatzaile. Alegia, orain arte ohartu ez denak ere erraz egiazta lezake hori baldin begiratuko balu non dituen gainezarria zaigun energia-trantsizioak motibazioak eta abiatze-motorrak, non erabakitze-guneak, nondik datozkion sustatze-funtsak, zein dituen interes nagusiak, zein duen garapen-asmoak eta plangintzak, zeri ematen dion une bakoitzean garrantzia, zein lekutan uzten dituen ingurunea eta biodibertsitatea, nolako lehentasuna ematen dion gizakiari, nekazaritzari eta abeltzaintzari, zer-nolako gizartea duen ikusmiran, nolako begirunea dion etengabe aldarrikatzen duen demokraziari, etab., etab. COP28 delakoari beste begiratu bat emateak ere aski liteke honetan eliterik ez dagoela atzematen hasteko. 

Zer-nolako parte hartzea izan dezakete herritarrek horretan oro har?

Parte-hartze aktiboa eta demokratikoa, bistan da, betiere agintari politikoen gidaritza eta babesarekin. Jarduera horretan oso ohikoa da, esaterako, poligonoen premiari buruzko eztabaidak eta argitze-bilerak egitea, hautatutako esparruen egokitasunari buruzko erreferendumak burutzea, makroproiektuen aurrean gehienetan aintzat hartuko diren alegazioak aurkeztu ahal izatea, etab.

Zertan laguntzen dute erakunde ofizialek makropoligono-proiektuak aurrera ateratzen?

Haien laguntza nahitaezkoa da energia-enpresa desberdinek behar dituzten baliabide guztiak (ekonomikoak, legalak, azpiegiturazkoak, etab.) erraztasunez eskura ditzaten. Ideologia eta interes ekonomikoak gorabehera, erakunde ofizialak beti daude prest herritarrentzat baliagarri diren zerbitzu eta egitasmo guztiak suspertzeko.

Non kokatu ohi dira EAEko industria-poligono eolikoak eta fotoboltaikoak?

Jakitunek diotenez, hiriguneetan eta lurralde degradatuetan kokatzen dira. Araba izan bide daiteke lurralde degradatuen adibide eredugarri horietako bat. Eta Bizkaia. Eta Gipuzkoa (lurralde osoa dago degradatua, egia esan). Eta Nafarroa, non leku batzuetan supazterreraino iristen baitira poligonoak jartzeko soro eta lugorri degradatuak. Momentuz, hiriburuetako orube eta teilatuek ukitu gabe segitzen dute.

Badira, halere, planifikazioetan energiaren oligopolioen interesak eta eskua ikusi nahi izaten dituzten eszeptikoak. Diotenez, oligopolioek ongien deritzen lurralde eta mendietan jartzen dira gero poligono guztiak, haiexek baitirudite aditurik adituenak eta agintari politikoekin batera trantsiziorako esparruak egokien hauta eta zuzenen ordena ditzaketenak. Ez omen dute bereizten, gainera, emankorrak eta elikagaiak ekoizteko baliagarri ote diren hartarako aukeratzen dituzten lurrak. Mendietan ez da horrelako arazorik: paisaia ederrenak eta biodibertsitate gehien dutenak dira aerosorgailuak argazkietan ateratzeko hoberenak.

Poligonoak eraikitzeko orduan, egon al daiteke aerosorgailuak finkatzeko edota materialak (palak, errotoreak, etab.) eramateko eragozpen fisiko edo orografikorik?

Ez. Arretaz planifikatua egon ohi da beti azpiegituren ezartzea, materialen garraioa eta errepideen diseinua. Kasurik okerrenetan, aldez aurretik zabaldu, zuzendu, lautu edo egokitu ohi dituzte zati horiek diru publikoaz arduratzen diren erakundeek. Aramaion jarri asmo duten poligono eolikoa dela eta, esaterako, saihesbide apropos bat atontzen ari dira Legution, betiko aurkari sistemikoak uxatzeko xedez edo, herria zeharkatzen inork inoiz ikusi ez dituen 800 ibilgailu kentzeko arrazoibidea baliatu dutelarik.

Aramaion jarriko diren palak bezalakoxea Nafarroako Alaitz mendilerrorako bidean

Zer-nolako kalteak ekar diezazkioke poligono eoliko batek abeltzaintzari?

Bat bera ere ez: beti egon ahal izango dira pare bat behi, hiru ardi eta zaldikumeren bat inguruan, belar berdearen gainean bazkan, mendizale eta argazkizaleen goxotasunerako.

Zer-nolako kalteak dakarzkio poligono fotoboltaikoak nekazaritzari?

Bat bera ere ez, poligonoak ekoizpenerako hartutako hektareak ez baitira jadanik nekazaritzarako lur. Alboan gara daiteke, nahi izanez gero, agriboltaikoa deitutako nezakaritza-mota, ahaztu gabe, noski, abereentzako abaro gisakoak ere izan daitezkeela fotoboltaikoen azpiko itzalpeak.

Zergatik dira kexu makropoligono industrial horiek jasan behar dituzten landa-komunitateak?

Haiek behar ez bide dituzten makropoligonoak inposatu egiten omen zaizkielako, eurak ere industriatik eta turismotik bizitzean gizartearekiko betebeharrik izango ez balute bezala. Are gehiago: horrelako argudio faltsuak erabiltzean, pribilegiatuak izaten segitu nahi dutela adierazten dute talde horiek. Horrekin batera, eta ebidentziaren aurka, zabaldu nahi izaten dute ez direla urbanitak eta ez dutela urbanita guztien bizitza-estiloaren usainik ere antzematen, argudioak, nola ez, betiko arrunkerietara mugatzen direlarik, hots, ez dutela kiroldegirik, gizarte-etxerik, unibertsitaterik, akademiarik, ospitalerik, taxuzko dendarik, aireporturik, edozertarako kontrata daitekeen lan-gremiorik, etab. Trantsizioaren alde ez egoteko aitzakiak baino ez, azken buruan.

Zergatik sortzen dira berriztagarrien makroproiektuen kontrako sareak eta plataformak?

“Berriztagarriak bai, baina ez honela!” aldarrikatu arren, mota askotako jendilajea biltzen da, itxura duenez, plataforma horien inguruan. Ukatzaile sistematikoak direnak. Oso posizio itxiak eta itsuak dituztenak. Bronka eta liskarrak oso gogoko dituztenak… Oro har, klima-larrialdiaren inguruko analisi sinplistak, emozionalak eta zentzurik gabekoak egiten dituztelako biltzen dira plataformetan. Eta bada dioenik ez direla dozena horretan falta ekosistema natural aberatsen zaindari sentitzen direnak eta ezta ere airea karbono-dioxidoz, berunez, PM2,5 delakoez eta bestez aberastuta arnasten izugarri gozatzen dutelako hala segitu nahi dutenak.

Kontatzen den bezain gaiztoak eta maltzurrak dira sare antagonista horiek?

Bai, zeren eta, ezin nabarmenagoa den erregai fosilen inpaktu globalean ez sinesteaz aparte, ezin konta ahala da berariaz zein oharkabean egin ditzaketen eta egiten dituzten maltzurkerien kopurua. Are gehiago, beren inkontzientzian ezin ohar badaitezke ere, daramaten kapitalismo berdearen aurkako borrokak erraz asko eraman litzake erregai fosilen kapitalismo grisak, beltzak eta moreak betiko betikotzera.

Horrenbeste jende, sare eta kolektibo al dago trantsizio energetikoaren aurka Euskal Herrian?

Euskaldunak izanik, ezin jakin daiteke Euskal Herrian energia-trantsizio arrazional, taxuzko eta demokratikoki erabakitako baten aldekorik dagoen. Alabaina, beti susma liteke energia-trantsizio HONEN kontra jende asko egotea zerbaiten sintoma izan daitekeela, aurkakoei burukoikeria, intsolidaritatea, sinplekeria, haurkeria leporatzea ez baita egoeren eta mugimenduen azterketa egiteko argudio egokiegia izaten.

Nortzuk dira berriztagarrien makroproiektuen aldekoak?

Oso jende zuhurra, testuinguruaren analisi serioak baino burutzen ez dituena eta EAEn abian den berriztagarrien hedapena zentzuduna eta ordenatua izaten ari dela sinisten duena. Gure kasuan, Nafarroa gabeko Hego Euskal Herria hartzen dute erreferentzia-esparrutzat eta, ondorioz, huraxe aerosorgailuz eta fotoboltaikoz betetzera bideratzen dituzte euren ahaleginak. Horietaz aparte, ba omen dira tartean interes ekonomiko berezirik ez duen oligopoliorik eta inolako onura korporatiborik espero ez duen enpresarik ere. Guztien artean, larrialdi klimatikoari aurre egin ahal izateko mix altruista, indartsua, aberatsa eta natura eta biodibertsitatea amultsuki zaintzen dituena osatzea lortu dute, xede eta bide zuzenak etengabe suntsitzera datozen oztopoak gaindituz eta aurkarien enbatei irmo jarkiz. Jakina, Mix moduko bat denez, ez da erraz bereizten zein diren ezkerreko jokamoldeekin dihardutenak eta zein planteamendu oligopolistikoak defendatzen dituztenak. Eta badira, nola ez, biekin irabiaki edo batido goxoak egin nahi izaten dituztenak ere.

Elkartasunik eza erakusten al du energia berriztagarriak beste leku batzuetatik ekarri nahi izateak?

Bai, guztiz intsolidarioa litzateke hori, guretzat nahi ez ditugun trantsizio-inpaktuak energia-ekoizleen bizkar geratuko liratekeelako, eta inork ez luke horrela jokatu beharko. Aurrerantzean, orain inportatzen ditugun erregai fosilak, energiak (berriztagarriak, nuklearrak, grisak), elikagaiak (tropikalak barne), txip miresgarriak, kotxeak, etab. bertan ekoitziko ei ditugu, arrazoi nagusiak bi direlarik: batetik, beste inori ez transferitzea guri dagokigun inpaktu negatibo oro eta, bestetik, burujabetza ekonomikoa, energetikoa eta industriala lortzea.

Baina ez al da objektiboki kaltegarria gurea bezalako energia berriztagarrien hedapena?

Inondik ere ez, gurean ez baitago, esan bezala, altruismoa besterik. Azpimarragarriak dira, gainera, elikaduraren alorrak horiekin lortzen dituen abantailak, gorago ikusitako planteamendu agriboltaiko solidarioek guztiz bateragarri bilakatzen baitituzte elikagaien ekoizpena –nekazaritza eta abeltzaintza, funtsean– eta trantsizio energetikoa.

Nekazaritza eta fotoboltaikoen bateragarritasuna

Ez al dago hori gorago esandakoaren aurka?

Gorago esan dena da aerosorgailuek eta fotoboltaikoek ez dietela nekazaritzari, abeltzaintzari, turismoari kalterik ekartzen, alderantziz baizik, eta biodibertsitatea aberasten dutela, eta begi-bistakoa da –barka erredundantzia– inpaktu bakarra begientzat baino ez litzatekeela. Baina horren konponbidea xinplea da: ikasi beharko genuke paisaia berriak begi berriz begiratzen, ikasi beharko genuke paisaien eboluzioa baloratzen eta huraxe ikustera ohitzen.

Zer diote EAEko trantsizioaren aldekoek desazkundeari dagokionez?

Inoiz horren premiarik balego, gure gizarte honetan gozatzen dugun ongizateak markatuko ligukeela desazkunderantz jotzeko unea. Momentuz, daukagun bizi-maila da mantendu eta landu egingo duguna eta ehundura sozio-produktiboa areagotu, horretarako erregai eta energia mota guztiez baliatu behar badugu ere. Hori bai, turismoa izan daiteke agintari politikoek desazkundearen ituan jar dezaketen arloa, batez ere erregai fosilak darabiltzaten hegazkin-bidai luzeak debekatuz, kruzeroak, etab.

Zer diote (edo ez dute esaten) autokontsumoaz?

Esplizituki esan ez, baina han-hemen jaurtikitzen dutena aztertuta, badirudi iradoki egiten dutela maila guztietan sustatu eta garatu behar dela autokontsumoa: bertakoek kontsumi dezaketena bertan ekoitzi, berdin energiak eta energia-bektoreak (hidrogeno berdea, alegia) diren, zein plaka fotoboltaikoak, kotxeak (elektrikoak, jakina), trenak, hondeamakinak, janariak, medizinak, altzairuak, koltanak edo behar den guztia. Kanpotik bakarrik inportatuko dira kanpoko ekoizleentzat inpaktu kaltegarririk ez duten gauzak. Guk sobran ditugunetatik baino ez bide diegu esportatuko haiei, solidaritatea dela eta, inpaktu kaltegarriak guretzat gordez.

Zeri deitzen zaio energiaren demokratizazioa?

Garbi ez badago ere, energiaren demokratizazioa energiaren prezioen demokratizazioa bide da. Akaso, beste modu batez esanda, makroazpiegituren bidez ekoitzitako elektrizitatearen areagotze eskergagatik merkatuan lor litekeen prezio-beherapentxoa. Ez da konfunditu behar garai bateko ezker politikoak hain gogoko zuen energiaren nazionalizazioak ekar lezakeen prezio arrazoizko, finko eta edonorentzat eskuragarriarekin.

Zer da indar politikoek horretaz diotena? 

Ezer gutxi, eta zerbait diotenetatik azpimarragarri gutxi. Honatx haietako batek emandako aholku interesgarri parea. Lehena: “kontua da behar besteko indarra izango duen botere komunitarioa eraikitzea, zentzu positiboan hartu beharreko erabakiak har daitezen, eredu ekosozial baterantz egiteko. Ekintza, aktibismo soziala, dugu xede”. Bigarrena:“Apustu egin behar da demokratikoagoak, parte-hartzaileagoak eta deliberatiboagoak izango diren prozesuen alde”. Hala biz!

Eta azken galdera: zer arraio da hainbestetan errepikatzen den NIMBY hori?

Not In My Back Yard esaldiaren akronimoa da, hots, “Nire Atzeko Lorategian Ez” (NALE). Mespretxatzeko eta ustezko intsolidaritate ekosoziala leporatzeko asmoarekin asmatua, eskuarki ingurunearen hondamendiaren aurka eta biodibertsitatearen alde diharduten komunitate eta talde antolatuei bizkarreratzen zaien sanbenitoa da. Erantsi behar da ez dela falta akronimo horri bestelako esanahi sikaliptikorik ere aurkitu izan dionik, lizunak bezain errealistak eta gordinak betiere.

Kategoriak Aerosorgailuak, klima-aldaketa | Utzi iruzkina

Inbasio berriak: bikingoak Aramaion (2024)

Ganborraldeko aerosorgailuen behin betiko kokapena (Statkraften proiektu moldatutik jasoa)

Duela hiru bat urte inork espero ez zuena gertazen ari da orain Aramaion: bertako herritarron nahimena eta ingurunea hankaz gora botatzen ari den inbasioa. Neoliberalismoak, kapitalismo berdeak edo dena delakoak begiz jo eta erabaki du toki aproposa dela gure harana inbaditua izateko.

Koroa, euro edota dolar franko duenak egin ditzakeen inbasio lauso horietakoa da, alegia, horrelakoak baitira, izatez, inbasio modernoak: kapital-inbertsio ustez aseptikoen bidezkoak eta, koertzio-mekanismo guztiak (polizialak, judizialak, beldurrezkoak) atzean gorderik badakartzate ere, ageriko armarik gabekoak.

Kiribilaren kiribilez, gainera, aurpegi altruista nahi lukeen eztabaidaezinezko zanpaketa-kode miresgarri baten doinuak zabaldu ohi dituzte inbaditzaile berriek, demokraziaren balio etikoak eta moralak predikatu bitartean. Saiatu ere egiten dira hangoei eta hemengoei sinestarazten Munduaren alde eta, are, inbaditzen duten lurraldeen eta biztanleen alde jokatzeko misioarekin bertaratzen direna atzo horra, gaur hona, bihar hara.

Eta behar denetan, oraingoan bezala, aldaketa klimatikoaren aurka eta energia berriztagarrien alde jarduten dabiltzala erantsiz. Euren lurralde pribilegiatuetan horretarako jokalekurik aski ez balute bezala. Hain obra onak egiteko besteren borondateak eta inguruneak suntsitzeko premia larria balute bezala.

Herenegun Peru-India-Nepal-Albania-Turkian, atzo Brasilen, orain Aramaion, betiere Karitatearen Ahizpatxo tolesgabeak balira legez.

Ganborraldeko industria-poligono eolikoa

∞∞∞∞∞∞∞∞

Inbasio-eredu klasikoetatik urrun, bada, bikingoak datoz oraingoan Aramaiora. Sartzear zeudela zirudien, baina sartzen hasiak dira dagoeneko…, eta ez drakkar ontzi astunetan erdi biluzik, ekologiaz kontu gutxi dagiten bizjet gorbatadunetan baizik.

Nonbait ez dago egoera iraultzeko edota atzera jotzeko aukerarik, ez baita oraindik horrelako inbaditzaile errukiorren etorrera geldiarazteko modu demokratikorik asmatu. Aramaiotik ezezko demokratikorik biribilena eta irmoena aurpegiratu bazaie ere.

Inoizka, egoerak hartaratuta eta kostata, Txilen gertatu zen moduan, bertan behera utzi behar izan dituzte bikingoek euren inbasio-nahiak. Baina bakanak dira horrelakoak eta, jende arruntak besterik ondorioztatuz maltzurkiro joka ez dezan, bikingoek beren bihozberatasunaren eredutzat jasotzen dituzte gertakariok urrezko liburu nazionalean.

Ez dirudi, halere, Aramaiok atalik izango duenik liburu horretan.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aramaioko inbasioa burutze aldera, laguntzaile indigena bikainak aurkitu dituzte bikingoek haranera erosotasunez sartu ahal izateko. Poltronetan torlojuz lotuta diruditen indigena ahaltsuak, besteak beste. Eta karbono-dioxidoa isuri eta kutsadura areagotu ahala, klimaren egoera okerraz arras kezkatuta omen dauden indigenak ere bai, hain zuzen.

Beste garai batean, epiteto gordinagoz izendatu ohi ziren horrelako laguntzaileak. Orain ez; orain, azalmintz leuneko garai post-post-moderno hauetan, ez da horrelako izendapenik erabiltzen, gustu txarrekoa baita horrela mintzatzea. Orain irizkide, intereskide, itunkide, lankide kalifikatzaileekin bataiatzen dute beren burua komandita-kideek. Patente horiekin kaleratzen dira, jendarte inbadituaren ahobateko onespen demokratikoa errazago lortzea esperoko balute bezala. Beraien interes soilen alde jokatuko ez balute bezala.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Legeak aterpe, ahaztu egiten bide zaie bikingoei beraienak ez diren lurralde eta ingurune komunitarioak konfiskatzera abiatzen direla aitortzea. Indarrez kentzera, urte luzez hipotekatzera, miserableki erostera…, segidan nahi dutena egiteko, beraien negozioak ezarri eta mozkinak erdietsi ahal izateko. Ahaztu egiten zaie horrelakoak aitortzea eta ez dituzte, ondorioz, euren urrezko liburuan jasotzen.

Buruen gainetik, baina, etengabe astintzen dute bandera berdea, itxaropenarena, ekologiarena…, biodibertsitatea eta natura suntsitzera ez balihoaz eta ez baletoz bezala, eta horrelako ikurrekin inbadituen onespena eskuratzea esperoko balute bezala.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Aramaio inbadituko dute ezin aberatsago eta indartsuago diren bikingo horiek, lehenago bestek egin zuten moduan. Eta auskalo, zorte madarikatu pixka batekin, aurrerantzean ere ez duten beste batzuk berdin egingo!

Momentuz, Aramaioratzen ari diren bikingoek argi eta garbi sinetsarazi nahi izango dute gizarte globalaren etorkizunagatik jardun behar dutela horrela, ezinbestean jardun, bertakoen borondate eta interesen kontra bada ere.

Eta bete-betean sinetsiko baliete bezala segitu beharko dute aramaioarrek bizitzen. Pozarren baleude bezala, herri gisa akatuak izateko espiritu altruista moduko batek gidatuko balitu bezala.

Eta ohi bezala, jopu-aurpegirik itxurazkoena erakutsi beharko diete inbaditzaileei, bikingo gizagaixoak, ingurunea hondatu, greenwashing egin eta mozkinak metatu bitartean, lasai, eroso eta beraiena balitz bezala senti daitezen Aramaioko egonaldian.

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina

Tropa liberalen inbasioa Aramaion (1876.02.04)

Soldadu liberalak egungo Santa Kruz abadearen plaza zeharkatzen

Bi urte barru mende eta erdi beteko da Aramaiok tropa liberalen inbasioa jasan zuenetik. Ohikoa da, horratik, inbasio edo okupazio hitzak ez azaltzea kronika eta txosten ofizialetan, inbaditzaileak inoiz ez baitu uste lurralde bat inbaditzen edota okupatzen duenik. Esanguratsua, ildo horretan, orduko albiste batek Aramaion gertatutakoaz zerabilen eufemismo-sorta:

∞∞∞∞∞∞∞

Hitzak haribira, kontua da 1876ko otsailaren 4an Jenaro Quesada jeneral liberalaren mendeko Cordova brigadako militar espainolak Aramaion “azaldu” zirela eta, bertan zeuden soldadu karlista gutxitxoek alde egin zutenez, herri guztiaz jabetu zirela. Hau da, Aramaio inbaditu eta okupatu egin zutela.

Inbasioa erreskadan zabaldu zen inguruetara: Otxandio eta Urkiola (1876.01.29), Abadiño (1876.02.05), Elgeta (1876.02.13), etab. Bizkaia eta Gipuzkoa menderatzeaz arduratu behar zen Quesadaren agindupeko ezkerreko armadak inbaditu zituen lurraldok. Nafarroaz jabetzea, bestalde, Martinez Campos-en eskuineko armadari egokitu zitzaion, horrelatsu, ezker-eskuin –baina gaztelaniaz–, banatu baitzituzten ofizialki tropa liberalak eta, inplizituki, Hego Euskal Herria bera ere.

Baina Aramaioz ere “arduratu” zen Quesada jeneralaren ezkerreko armada. Harrigarri bezain barregarri bada ere, infanteriako alferez izendatu zuten Quesada haurra sei (6) urte zituenean, landa-mariskala eta Santanderreko gobernadore militarra zenaren semea zelako ziurrenik. Hamabost (15) urterekin, buru-belarri ekin zion karlisten aurka borrokatzeari, ordurako jada teniente bilakatua. Hamaika lekutan aritu ondoren, 1839ko abuztuaren 14an, 21 urte zituela, Legution jardun zuen Errege Guardiaren 1. Erregimenduko kapitain gisara, eta, dirudienez, Aramaioraino ere “iritsi” zen jarraian. Hain zuzen ere, Lehen Karlistaldiaren amaiera ekarriko zuen Bergarako Besarkada –eufemismoa berau ere– baino hamazazpi egun lehenago.

1876ko Agate Deunaren egunaren bezperan bazekien, bada, nora zetorren.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gorabehera zenbaitekin izan arren, Aramaio erresistentzia karlistaren sinbolotzat azaldua zen Lehen Karlistalditik aurrera eta, orografia lagun, bertan kokatuta egon zen Arabako Gerra-Diputazioa ere. Liberalentzat saihestu ezinezko zutarria zen, hortaz, harana irabaztea.

Guztiarekin ere, herri txiki bat baino ez zuten aurkitu espainolek bertan. Txikia eta troparen premietarako eskasa. Alegia, herria okupatzen hasi orduko urri geratu zitzaizkien azpiegiturak eta zerbitzu guztiak (bainuetxea, ostatuak, etxe partikularrak). Horren ondorioz, makina bat kanpadenda eta etxola ezartzeko landak eta esparruak behar izan zituzten ehunka eta ehunka soldaduz osatutako tropa eta zalditeria haiek. 

∞∞∞∞∞∞∞∞

Gertatu zena gerta zitekeela aurreikusiz, Aramaioko Udalbatzak hiru hilabete lehenago (1875eko azaroaren 6an) erabakia zuen etsaien ustezko garaipena apaltasunez onartuz jokatuko zutela liberalen armadak bertaratutakoan, eta zinegotzi-agintariak atxilo eramanak baziren –ohiko mugimendua, egia esan, gerra orotan–, udal-diruarekin ordainduko zirela gastuak, kalteak eta galerak.

Behin inbaditzaileen agindupean, eta gerra-galtzaileek jasan behar izaten dituzten jazarpen desberdinak tarteko –udaletxearen aurrean burututako elikagaien errekisaren irudia, lekuko–, hizkuntza inperialaren balio unibertsala ere dastatu ahal izan zuten aramaioarrek bolada batez.

Okupatzaileentzako elikagaiak konfiskatzen herriko plazan. Atzealdean Sastiña.

Jakina, karlismoari egindako abegi onaren ondoren, Aramaio ez zegoen liberalei ezer ukatzeko edo eskatzeko paradan. Zetorkiena jasan, bizirik irauten saiatu eta, ahal zen moduan, aurrera egin.

∞∞∞∞∞∞∞∞

1876ko otsailaren 4 hartan bukatu zen aramaioarrentzat Karlistaldia. Gainerakoentzat, berriz, handik hogeita lau egunera: otsailaren 28an.

Urak ez ziren, horratik, beren hartara itzuli gerra amaitutakoan, ez behintzat karlista edota liberal foruzale izan zirenentzat eta ezta ere, noski, aramaioarrentzat. 

Izatez, Karlistaldia galdutakoan –eta galdu zutelako, batik bat– bai Araba eta bai Bizkaia eta Gipuzkoa “lurralde garaitu”-tzat jo zituen Antonio Canovas del Castillo gobernuburu espainiarrak, eta hori gutxi izan balitz bezala, 1876ko uztailaren 21ean euskal autogobernuaren sinbolo ziren Foruak deuseztatuta utzi zituen Madrilek hiru lurraldeotan.

Erantsi beharrik ez da galdutako gerraren ondoko egoera latzari eta berezko etsipen psikologiko eta sozial larriari euskal gizarte-nortasunaren zutarri nagusietako baten suntsiketa gehitu zitzaiela horrela. Halakoetan ohi dena, besterik gabe: gerra galdu eta, jarraian, errepresioa eta zigor gaitza saritzat.

Zoriak nahi izan zuen, halere, 1897ko abuztuaren 8an Michele Angiolillo anarkista italiarrak gobernuburu espainiar hura tiroka zezan Gesalibarko bainuetxe ospetsuan.

Aramaiotik lau kilometro eskasera hil zen euskal Foruen deuseztatzailea, hain justu ere mende-laurden bat lehenago, data haietan (1872.08.12), Santa Kruz apaiz ekintzaile karlista atxilotu eta heriotza-zigorra ezarri zioten lekutik ezin hurbilago. Elduaindarrak ihes egitea lortu zuen, ordea. Kartzelatik eta heriotzatik.

∞∞∞∞∞∞∞∞

OHARRA: Post honetako irudi biak Pellicer izeneko marrazkilariak egindakoak omen dira (La Ilustración española y americana, 7. zkia. [1876.02.22], 113-116 or.) eta errealismo handiz erakusten dute egungo Bizente Goikoetxearen plazak eta Santa Kruz abadearenak garai hartan zuten konfigurazioa: Barrutia eta aurrealdeko aldapatxoa eta harrizko jarleku luzea (egun desgertuak), Mendialdua (Manzano), Doñanjela (B. Goikoetxearen arrebaren etxea, plazarantz sartzean, eskuinaldeko lehena), Ormaetxea (Kuku), Sastiña, Ametzu, etab.

Kategoriak Historia eta istorioak | Utzi iruzkina

Datorkigun lege berria ulertu nahian

Eguzki-etzanaldetik Aritz Otxandiano lagunak igorritako argipenek guztiz kezkatuta utzi dute Belamendiko alproja marmartia, ez baitu ulertzen nola oraindik ez duen Aritzek irizpiderik osatu Orixolen parean, lerro-lerro eta begiek ikusten duten bira guztian, ingurunea hondatuko duten aerosorgailu eta dorre erraldoiak jarri behar liratekeenetz erabakitzeko. Ez ahal du berdin jokatuko Arabako Lutadan eta bestelakoetan errukirik gabe jarri nahi dituzten planta fotoboltaikoen itsaso-proiektuen aurrean! 

Belabeltza, gainera, kezkatuago sentitu da oraingoan, inondik ere ez baitzuen espero hain segimendu leial, arduratsu eta interes gabekorik egiten bide dion irakurle bat, aldi berean, hain oinarri teknokratetan estekatua ager zedin de facto interes ekonomikoekin nahasten eta lokazten diren erabaki ideologiko-politikoen munduaz jardutean.

Kezka horiek, halere, ez dirudi balorazio, aurreiritzi eta uste ustelgarriak zabaltzen segitzeko borondatea erauziko diotenik Belamendiri, eta batik bat ezein energia-oligopolioren proiektuak tartean direnean, jendartean, ingurugiroan eta biodibertsitatean ondorio konponezinak sorraraziz. Are gehiago: harrigarriro, eta beherago ikusiko den bezala, sen hermeneutikoa piztu berri zaio egunotako prentsa irakurritakoan. Hori bai, konspiranoien sareetan eroriko balitz ere –ezinbestekoa baita, tamalez, Josu Jon petrokimikoarekin bat egiten duten Tapia bezalako agintari “ekologisten” hitzak, jarduerak eta asmoak ulertu ahal izateko era desberdinetako konstruktoak eraikitzea eta baliatzea–, argi du testu-interpretazio guztiak kontzientzia politiko serioenarekin burutuko dituela.

∞∞∞∞∞∞∞∞

Datorren 29an onartuko omen du Eusko Legebiltzarrak PSOE-PNV-EHBilduren artean adostutako Energia-trantsiziorako eta klima-aldaketarako lege-proiektua

2050erako klima-neutraltasuna xede, berrikuntza interesgarri zenbaitekin azalduko omen da legea. Gaurko honetan, dena den, Aramaion ezarri nahi duten industria-poligono eolikoarekin lotura zuzenagoa izan lezaketen bi puntu baino ez dira iruzkinduko hemen, bi-biak, damurik, prentsan –Berrian eta Garan, hain zuzen– argitaratutakoan bakarrik oinarrituak. 

Honatx puntuok:

Lehena: 5 MW baino gehiagoko berriztagarrien azpiegiturek kanon bat ordaindu beharko omen diote urtero Eusko Jaurlaritzari, izango duten potentziaren arabera betiere (2.600-5.400 euro bitartean aerosorgailu bakoitzeko eta 700 euro fotoboltaikoen hektarea bakoitzeko). 

Bigarrena: Planta bakoitza eraikitzean, gutxienez jabetzaren % 20 eskaini beharko zaie “proiektuak eragindako eremuko herritarrei eta enpresei” (Berria).

Hiru partiduen prentsaurrekoan esandakoetatik Garak ondorioztatu duenez,

se trata, por una parte, de democratizar la participación de los locales en una empresa que va a obtener beneficios de su entorno, al tiempo de que reciben una compensación por «las molestias» que estas instalaciones generan, así como por su afección al ecosistema local

∞∞∞∞∞∞∞∞

Egia izan liteke, baina, guztiarekin ere, albisteetan erabilitako terminologiaren anbiguotasunak (zertarako galdetu ea euskara ala gaztelania izan den lege-proiektua lantzeko eta idazteko hizkuntza?) zer pentsatu xumeren bat behintzat eman dezake Aramaioko poligono eolikoaren kasuan.

1.- Kanon edo zergaren kontuari gagozkiola, adibidez, honatx Berriak dioena:

Parke eolikoek eta fotovoltaikoek potentziaren arabera ordainduko dute zerga hori, eta azpiegitura horiek zuzenean edo zeharka eragindako udalerrietarako izango da bildutako dirua, zenbait eremuri kalte egin izana konpentsatzeko.

Legutioko saihesbide berria

Hau da, Statkraften industria-poligono eolikoaren eraginpeko udalerriak Aramaio eta Eskoriatza baino ez dira; “zuzen eragindakoak”, esan nahi baita. “Zeharka eragindakoak” izango direnen artean, bestalde, Legutio bera gerta liteke kaltetuena, handik pasatuta iritsiko baitira Ganborraldeko poligonora ehunka eta ehunka kamioi, hondeamakinak, garabiak eta material gehiena. Kasualitatearen kasualitatez gainera –aburu hau ere konspiranoiaren efektua da, nonbait–, momentu honetan bertan hasi zaizkio Legutiori errotoreen eta aerosorgailu-palen garraioa eragotziko lukeen betiko bidea aldatzen eta haien pasoa ahalbidetuko duen saihesbidea egiten (lurren nahitaezko desjabetzeak barne), pasabide berria gabe ezinezkoa izango litzateke-eta poligono eolikora horrelakorik eramatea.

Legearen testutik jasoa –eta akaso literalagoa– dirudi Garak dioenak:

La ley señala que «los ingresos derivados del canon, deducidos los costes de gestión, se destinarán, en las zonas de la CAPV que resulten afectadas por las instalaciones, a la conservación, reposición y restauración del medio ambiente”. Y, en el conjunto de la comunidad, la «actuaciones de impulso y promoción del uso racional de la energía», la «adaptación del territorio a los efectos del cambio climático», la «conservación del patrimonio natural» y, también, «al uso recreativo y educativo de los recursos naturales»

Agerikoa da, batetik, kanonaren bidez jasoko diren mozkinak ez direla esklusiboki bideratuko eraginpeko esparruetara, eta, bestetik, “las zonas de la CAPV que resulten afectadas por las instalaciones” esaldiak interpretazio zabal samarra onar lezakeela oro har.

2.- Jabetzaren kontua ere ez da hain zehatz mugatuta gelditzen:

ekimen pribatuko edo publikoko instalazio bat martxan jarri nahi duenak jabetzaren % 20 eskaini beharko die gutxienez proiektuak eragindako eremuko herritarrei eta enpresei (Berria)

la ley también obliga a quien pretenda poner en marcha una instalación de energía renovable, sea de iniciativa privada o pública, a ofrecer «al menos un 20% de la propiedad» a la ciudadanía o empresas de la zona afectada (Gara).

∞∞∞∞∞∞∞∞

Belamendiko ibiltari oharkabeari argi geratzen zaio kanona –zerga– Eusko Jaurlaritzak kudeatuko duela. Eta nola eta zertarako? Bada, batetik, eraginen bat jasoko duten zona-esparru?eremu?-lurralde? –baina ez nahitaez udalerri– omen diren horietako ingurugiroa “zaintzeko”; eta, bestetik, bestelako kontu energetiko-klimatiko-pedagogikoetan aritzeko EAE luze-zabalean. Aurrerago ezagutu beharko, beraz, zona/eremu horien konkrezioa.

Bestalde, legean poligonoaren jabetzaren % 20 hori “proiektuak eragindako eremuko herritarrei eta enpresei” eskainiko zaiela esaten denean, aurrekoan bezain argi dirudi eremu (zona) delakoaren interpretazioak.

Hortaz, Ganborraldeko industria-poligono eolikoaren demokratizazioaren kasuan (non, prentsaurrekoan ziotenez, bertakoen parte hartzea –hots,”democratizar la participación de los locales“– bilatzen omen baita), zalantza da ea Eskoriatza eta Aramaio udalerrietako herritarrei eta enpresei (Aramaion enpresa asko ez) bakarrik eskainiko litzaiekeen jabetzaren % 20. Edo akaso Debagoien mugakideko (Arrasate-Aretxabaleta) herritarrei eta enpresei ere zabalduko zaie gonbita? Ala, direlako esparru funtzionalak medio, aurreneko aukera izango lukete Debagoien zabalerainoko (Bergara, Oñati, etab.) herritarrek eta enpresek jabetza horretan parte hartzeko? Eta aukerarik bai mugakide arabarra eta poligonoaren eraikuntzaren pairatzailea ere izango den Legutioko herritarrak eta enpresak (Goiain poligonokoak, esaterako) jabe izan daitezen? Eta Bergara bezain urruti geratzen den Miñaoraino iristen diren esparruetakoak, zer? Alegia, Arabako fiskalitatean oso eragin positiboa izango ez luketen “eremu funtzionalak” ote dira lehentasuna izango dutenak? Nork eta zein irizpide baliatuz erabakiko da/du hori? Eusko Jaurlaritzak? Arabako Foru Aldundiko Ogasun zerbitzuak?

Eta azken arazotxo bat: demokratizatze-ahalegin horretan, zer da termino ekonomikoetan “proiektuak eragindako eremuko herritar” (“ciudadano de la zona afectada”) edo enpresa izatea? Zeinek izango luke % 20ko jabetza horretara jotzeko lehentasuna: mila euroko erosketa egin nahi duen aramaioarrak? Kooperatiba gisa-edo 20.000 euro jarriko dituzten eskoriatzarrek? Tipulak edota onddoak ekoitzi eta banatzen dituen bertako negozio-jabeak? Edo inbertsio erraldoietarako arazorik ez duen urrunagoko korporazio batek beregana lezake jabetzaren demokratizazio-txatal hori? 

Otoitz egin dezagun horretaz dakiten buru jantziek egokiro argi ditzaten arazo kuasiteologiko hauek guztiak!

Kategoriak Aerosorgailuak | Utzi iruzkina