Keu Agirretxeak ere egin du bideo eskaria

Musikari ondarrutar Keu Agirretxeak Eratu taldearen Beldurraren aroa kantua eskatu du saioan, bideo bitartez. Bestelako eskariak ere izan dira: Arrasateko Oier Irazabalek bere neskalagun Ixiarri eskaini nahi izan dio Ken 7 taldearen Bihotz kantua, euren argazkia ere bidali digu; Bergaratik, Calvin Harris artistaren Outside ere eskatu dute; Arrasateko Julen Vallek, bestalde, Vicetone-ren United we dance eskatu du; eta azkenik, Whatsapp bitartez Clean Bandit taldearen Real love ere eskatu dute. Disfrutatu saioarekin!

Emon taldeko Aritz Alustizaren eskaria

Kauta taldearen Puzzlea kantua eskatu du Emon taldeko Aritz Alustizak, bideo bitartez egindako eskaeran. Eta hain justu ere saioan Bergarako Maialenek Emon taldearen Zure sua kantua eskaini nahi izan die Raiders22 eta dantzariei. Eskari gehiago ere izan dira saioan: Aretxabaletako Unai Urrutiak eskatutako Ellie Goulding-en Love me like you do; Manu Chaoren Mentira eskatu du Lezoko Maiderrek; Paulina Rubioren Mi nuevo vicio ere eskatu dute Whatsapp bitartez. Ikusi saioa!

Skakeitan taldeko Aitor eta Pellok ere euren eskaria egin dute

Euskal musikari gehiago animatu dira saioan parte hartzera. Oraingoan, Skakeitan taldeko Aitor Valcarlosek eta Pello Armendarizek Glaukoma taldearen Jungle kantua eskatu dute. Eskari gehiago ere egon dira: Lazkaoko Aitorrek Iheskideren Arrano beltzaren hegaldiak kantua eskatu du eta Ostargi Erraldoi Konpartsari eta Goiko Itturri kuadrillari eskaini nahi izan die; Tolosako Davidek bere lagun minari eskaini dio Melendiren La promesa; Haizeak Oñatitik argazkia bidali du eta India Martinezen Olvide respirar eskatu du; azkenik, Bergaratik Gatiburen Euritan dantzan eskatu dute. Ikusi saioa!

Esne Beltzako Xabi Solanok eskaria egin du saioan

Euskal musikariak euren kantu eskaerak egiten hasi dira Amaia DJ saioan. Lehen eskaria, Esne Beltza taldeko Xabi Solanok egin du eta Skakeitan taldearen Iraganeko abestia eskatu du, bideoklip hori eskatu du baita ere Oñatiko Maider gazteak. Beste eskari batzuk ere egon dira: Arrasateko Jurgik Mc Onak taldearen Zerbezien komandua eskatu du; Aretxabaletako Naiarak, berriz, Enrique Iglesiasen Bailando ikusi nahi izan du saioan; Pitbull artistaren Fireball kantua eskatu du, bestetik, Antzuolako Unaxek; Donostiako Mikelek Surfin Kaosen Zerritu nahi dut; eta Vendettaren Leña al fuego eskatu dute Zarauzko Beñatek eta Itsasondoko Mikelek. Ikusi saioa!